castellano english

1 2 3 4 5 6 7 8 9
Bilatu
  Hasiera :: Leartiker :: Berriak

Medikuntza birsortzailea eta 3D inprimaketa-teknologiak miokardio-infartua tratatzea helburu duen CARDIOPATCH europear proiektuan parte hartzen ari da Leartiker

2021/01/14

Leartikerrek nazioarteko ibilbide berri bat hasi du CARDIOPATCH proiektuan parte hartuta. Proiektu hori Nafarroako Unibertsitatea Klinikak gidatzen du eta Europar Batasuneko Interreg Sudoe Programak finantzatzen du, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) bidez. Proiektuan kardiologian, terapia zelularrean, nanoteknologian, 3D inprimaketan, bioingeniaritzan eta transferentzia teknologikoan espezializatutako bederatzi erakundek parte hartzen dute, Espainia, Frantzia eta Portugaletik etorriak.

 

Gaixotasun kardiobaskularrak dira heriotza-kausa nagusienak munduan. Patologia horiek sortzen dituzte Europan gertatzen diren heriotzen % 45a, eta 210.000 milioi euroko kostu sanitarioa eragiten diote Europar Batasunari, European Heart Network erakundearen datuen arabera.

 

Testuinguru horretan garatzen da CARDIOPATCH proiektua, miokardio-infartuaren tratamendurako bide berriak ireki eta pazienteen bizi-kalitatea hobetuko duten irtenbideak emateko. Zehazki, 2020ko abenduaren 15ean hasi eta 2023ko apirilera arte iraungo duen proiektuaren helburu nagusia adabaki "adimentsu" bat garatzea izango da, bihotzekoak kaltetutako ehunak birsortzeko gaitasuna izango duena.

 

Hori lortzeko, proiektuaren bazkideek koipetik datozen zelula ama mesenkimalez bustitako kolageno-zuntzezko adabaki batetik abiatuta lan egingo dute, kardiomiopatia iskemiko kronikoa duten pazienteen saiakuntza kliniko baten lehen fasean dagoena. CARDIOPATCH proiektuko espezialista-taldeak adabaki horren onura terapeutikoa optimizatuko du, aldaketa genetikoko eta birprogramazio zelularreko tekniken bidez.

 

Soluzio berria diseinatzeko, genetikoki aldatuko dituzte ehun adiposotik eratorritako zelula ama mesenkimalak, mikro-ARNekin eta bektore biralekin, proteina angiogenikoen eta kardiobabesleen adierazpena eragiten dutenak. Horri esker, odol-hodi berriak sortuko dira bihotzaren eremu kaltetuan, eta hori konpontzen lagunduko du. Era berean, adabakiaren kolageno-mintzaren birsortzeko gaitasuna indartuko da, kardiomiozitoak sartuz, horiek baitira bihotzeko muskulua osatzen duten zelulak.

 

Adabaki berri horren baliozkotze terapeutikoaz gain, Leartiker zentro teknologikoak beste bi produktu mediko garatuko ditu: 3D gailu bilgarri bat, pazienteari adabakia egungo terapiek baino modu ez hain inbaditzailean ezartzen laguntzeko eta bere ekoizpena orokortzeko eta garraioa errazteko 3D sistema bat. “Paziente batengan adabakia ezartzeko gaur egun dagoen teknika kirurgikoa torakotomia da. Gure helburua da 3D gailu bilgarri bat garatzea, mini-torakotomia baten bidez ezarri ahal izateko. Horrela, adabakia formatu bilgarrian izanda, ebakidura txiki baten bidez sartu ahal izango dugu, eta bihotzaren eremu kaltetura bideratu. Han, zabaldu eta bihotzeko lesioari akoplatu, birsortzea aktibatzeko”, dio Felipe Prósperrek, Nafarroako Unibertsitatea Klinikako Zelula Terapiaren Arloko zuzendaria eta proiektuaren arduradun zientifikoak.

 

Bikaintasun-sare bat I+G+b biosanitarioa bultzatzeko

 

CARDIOPATCH proiektuaren beste helburuetako bat, irtenbide aurreratuak garatzeaz gain, "Bikaintasun-sare" bat sortzea da, sektore biomedikoaren I+G+b bultzatuko duena Europako hego-mendebaldean, 4.0 industriaren teknologiak osasun-sektorera zabaltzeko asmoz.

 

CARDIOPATCH Bikaintasun Sareak eskualde partaideetako administrazio publikoekiko lankidetza sustatuko du, bihotz-birsorkuntzako medikuntzan egindako azken aurrerapen medikoen berri ematen lagunduko dieten tresnak eta zerbitzuak martxan jarrita, erabaki estrategikoak hartzea errazteko.

 

Era berean, proiektuak gizartea inplikatu nahi du, eta, hori lortzeko, ikerketa-aurrerapenei eta prestakuntza-tailerrei buruzko dibulgazio-ekintzak antolatuko ditu.

 

 

 









Leartiker Elikagaien Teknologia

Elikagaien Teknologia Eraikina

tfnoa: +34 946169167
emaila: eat@leartiker.com

Xemein Etorbidea, 19
48270 Markina-Xemein (Bizkaia)

Leartiker Polymer R&D

Lea Artibai Berrikuntza gunea

tfnoa: +34 946169089
emaila: polymers@leartiker.com

Xemein Etorbidea, 12A
48270 Markina-Xemein (Bizkaia)

web-mapa| pribatutasuna| RSS