Markina-Xemeingo Leartiker Zentro Teknologikoa BRTAko kide bihurtu da

2021-07-08

Markina-Xemeinen kokatutako Leartiker Zentro Teknologikoa Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide berria bihurtu da gaur. 17 eragile zientifiko-teknologiko biltzen dituen lankidetza-egitura honek Euskadiko ikerkuntza-potentziaren erreferente izan nahi du Europan.

Joan den maiatzean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) eskutik lortutako Foku Anitzeko Zentro Teknologiko izendapenari esker, Leartiker Euskadiko I+G+b esparruan erreferentziazko zentro bat izatera heldu da, eta BRTA aliantzan sartzearekin urrats bat harago doa, zentro teknologikoak azken urteetan izan duen aparteko hazkundearen adierazgarri da.

Leartikerren atxikimendu-hitzarmenaren ekitaldi ofiziala gaur goizean gauzatu da Mendaron (Gipuzkoa) dagoen BRTAren egoitzan. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuarekin batera, bertan izan dira baita ere Rikardo Bueno BRTAko zuzendari nagusia eta Amaia Egia Leartikerreko zuzendari nagusia.

"Leartiker, batetik, garatzen dituen proiektuen transferentzia teknologikoaren indize altuagatik nabarmentzen da eta hau gure inguruko enpresei eskaintzen dien hurbiltasunari esker da, eta bestetik, bere nazioartekotze-maila handia ere nabarmentzekoa da. Leartiker BRTAn sartzea gure Aliantzaren dibertsifikazioa eta espezializazioa bultzatzeko albiste bikaina da, eta euskal enpresen lehiakortasuna handitzeko, haien osagai berritzailea bultzatzeko eta Europar Batasuneko berrikuntza handiko lurraldeetako bat gisa Euskadiren papera indartzeko egiten dugun lanari modu erabakigarrian laguntzen dio", ziurtatu du Buenok.

Bestalde, Amaia Egia Leartikerreko zuzendariak adierazi duenez, "BRTArekin bat egiteak baieztatu egiten du Leartikerrek garapen teknologikoaren alde egindako apustua, euskal enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzeko funtsezko tresna gisa. Eta hori lortzeko ezinbestekoa da, gurea bezalako prestakuntza eta espezializazio handiko giza-talde baten konpromisoa, tokiko lankidetzan zentratua dagoena, baina betiere nazioarteko esparrura bideratutako begirada globalarekin". BRTAko kide berriko zuzendari nagusiak aukera hau aprobetxatu nahi izan du lan-taldeari eta instituzioei eskerrak emateko “Ibilbide oparoa izan dugu, eta honaino iristeko bidelagun izan ditugun enpresa eta instituzioak azpimarratu nahiko nituzke, eta nola ez, gure lan-taldearen konpromisoa. Lan taldea, enpresa eta instituzioen, batez ere Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, babesari esker gaude gaur hemen”.

Ekitaldi bukaeran, Arantxa Tapia sailburuak hartu du hitza, “Leartikerreko giza talde osoak egindako ahalegina azpimarratu nahi dut; lantalde oso kualifikatua eta motibatua dute eta hau guztia posible egin dute. Garrantzizkoa da ere Bizkaian nola dagoen sustraitua, Lea Artibaiko eskualdean, eta bertako enpresa Ertain eta Txikiei eskaintzen dien hurbiltasuna eta zerbitzu-bokazioa, prestakuntza-zentro gisa duten jatorriari leialak izanez. Bere jatorrizko garapenak, polimeroak eta elikagaiak, egun BRTAn dugunaren osagarriak dira guztiz”. Leartiker gehituta, BRTAk muskulu gehiago lortu duela esanez bukatu du bere aurkezpena Sailburuak.

Eusko Jaurlaritzaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta SPRI Taldearen bitartez euskal administrazio publikoak emandako bultzadari esker 2019an sortu zenetik, Leartiker da Basque Research Technology Alliance-n (BRTA) sartu den lehen eragilea.

 

LEARTIKER

Leartikerrek teknologia eta berrikuntza enpresa ehunaren lehiakortasuna hobetzeko tresna gisa erabiltzea sustatzen du, ezagutza multiteknologikoa sortu eta garatuz. Are gehiago, Euskadin ezarritako lehentasunekin bat datozen ikerketa-eremuetara egindako transferentzia teknologikoaren indize altuari esker ere nabarmentzen da Zentro Teknologikoa, enpresekin duen lankidetza estuari esker lortzen dutena.

Zentroa espezializatuta dagoen bi teknologiei esker nabarmentzen da: Polimeroak eta Elikagaiak.

Polimeroen Teknologiaren esparruan, eta material polimerikoetan oinarritutako fabrikazioara bideratutako diseinuaren kontzeptuan zentratuta, Leartikerrek material ezberdinen garapenetik hasi eta fabrikazio-prozesuetara arteko eremua jorratzen du, materialen eta produktuen karakterizaziotik igaroz eta hauen digitalizaziora arte, simulazio-teknika aurreratuen bidez egiten dena.

Bi espezializazio handi ditu:

  • GARRAIO JASANGARRIA: Egitura polimeriko fidagarri, arin eta isilen garapen integrala (ZTBP 2030 "Industria adimenduna" lehentasun estrategikoa).
  • OSASUNA: Gailu medikoen garapena eta ehunen ingeniaritza eta diagnostiko azkarra bezalako terapia aurreratuetarako material polimerikoen ikerketa (lehentasun estrategikoa: "Osasun pertsonalizatua" ZTBP 2030).

Elikagaien Teknologiaren esparruan, "Elikadura osasungarria" lehentasunaren barruan, Leartikerrek berrikuntzaren aldeko apustua egiten du nekazaritzako elikagaien industrien lehiakortasuna hobetzen laguntzeko estrategia nagusi gisa, kultura berritzailea enpresen estrategian txertatuz eta nekazaritzako elikagaiak balioan jartzeko proiektuak dinamizatuz, prozesuak transferentzia teknologikoaren bidez dibertsifikatuz eta egokituz.

  • PREST, landare- eta haragi-jatorriko lehengaiekin egindako balio erantsiko produktu berrien garapena bultzatzera bideratutako espezializazioa da. Tokiko enpresa eta ekoizleekin lankidetzan elikagai bereizi osasungarri eta jasangarri berriak lortzen  dira, enpresei lehiakortasuna hobetzen lagunduko dietenak, egungo merkatuan kokapen bereizia lortuz.
  • 2021eko otsailetik LEARTIKER ESNEKI ZENTROA bihurtuta, gehienbat esneki ekoizle artisau txikiekin lankidetzan aritzen da. Aholkularitza zerbitzua ematen die egiten dituzten esnekien prozesuak eta kalitatea hobetzeko, bai eta berrikuntza- eta dibertsifikazio-proiektuak hobetzeko ere, lehiakorragoak izan daitezen. Esneki Zentroak sektoreko erreferente izatea du helburu.

 

LEARTIKER 2025 plan estrategikoa

Plan Estrategiko berriaren helburu nagusien artean daude, besteak beste, pertsona eta doktoreen kopurua sendotzea (52ra eta 15era, hurrenez hurren) eta 4,5 milioi euroko negozio-bolumena lortzea. Lankidetza-proiektuen bidez, Leartikerrek ezagutzan gehiago espezializatzea du helburu, berezitasun eta erreferentzialtasun teknologiko handiagoa lortzeko. Nazioartekotzea indartzea izango da, baita ere, Zentro Teknologikoak landuko duen alderdietako bat eta BRTAko kide izatea aspektu honetan lagungarri izango zaio. Horrez gain, talentua erakartzeko eta mantentzeko metodologia propioa martxan jartzea Leartikerren erronka nagusietako bat ere bada.

 

 

BRTA

BRTA, elkarlaneko 4 ikerketa-zentrok (CIC BioGUNE, CIC NanoGUNE, CIC BiomaGUNE eta CIC EnergiGUNE) eta 13 zentro teknologikok (Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Leartiker, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicomh) osatzen duten aliantza bat da, euskal enpresa-sarearentzako irtenbide teknologiko aurreratuak garatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren, SPRI Taldearen eta hiru lurraldeetako Foru Aldundien laguntzarekin, aliantza osatzen duten zentroen arteko lankidetza bultzatu nahi du BRTAk, enpresen lehiakortasunari laguntzeko eta euskal gaitasun zientifiko-teknologikoa atzerrian proiektatzeko enpresei ezagutza sortu eta transmititzeko baldintzak indartu nahi dizkio.
BRTAko zentroek 3.500 langile dituzte, Euskadiko I+Gko inbertsioaren % 22a gauzatzen dute, urtean 300 milioi eurotik gorako diru-sarrerak dituzte eta Europako eta nazioarteko 100 patente sortzen dituzte, urteko.

 

COOKIEEN ERABILERA

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu erabiltzaileen esperientzia ahalik eta onena eskaintzeko.

Jarraitu aurretik, cookie horiekin zer egin erabaki behar duzu. Guztiak onar ditzakezu edo egiten duzun hautaketa gorde.

COOKIE PROPIOAK

Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookie teknikoak erabiltzen ditugu eta cookien ezarpenetarako eta aukeratutako hizkuntzarako zure lehentasunak gordetzen ditugu.

HIRUGARRENEN COOKIEAK

Hirugarrenen guneak erabiltzen ditugu nabigazioa aztertzeko eta txertatutako informazioa erakusteko. Aktibatu nahi dituzun aukerak.

Hirugarrenen cookieak ez onartzeak esan nahi du ez dizugula zenbait eduki erakutsiko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi: Pribatutasun politika