Lore eta belar aromatikoen infusioa esneki hartzituen garapenean

2021-10-28

Jogurten merkatua eta orokorrean esne hartzituena, berrikuntzara lotuta dagoen merkatua da. Produktu hauen eskaintza oso zabala da, etengabe aldatuz eta berrituz doana. Zapore gama zabalak, osagai berritzaileekin egindako produktuak, ontzi eta bolumen formatu egokituak eta testura ezberdinak eskaintzen dituzten esne hartzituak aurkitu ditzakegu salmenta puntu ezberdinetan.

Sektore artisauan ere, jogurten merkatuak indarra hartu du azken urteotan. Behi, ardi, zein ahuntz esnez ekoiztutako jogurt artisauak erraz aurkitu ditzakegu merkatu, azoka zein txikizkako salmenta puntuetan.

Leartiker Esneki Zentroan, esneki hartzitu berritzaileen garapen proiektu ezberdinak gauzatu ditugu azken urteotan, eta horietariko bat, BELAZE-rekin elkarlanean garatzen ari garen BEREZI proiektua da, lore eta belar aromatikoak infusio bidez erabilita, zapore eta aroma berriak eskaintzen dituzten jogurt eta beste esneki fresko berritzaileak garatzea helburu duena.

    

Elorrioko BELAZE ZAPOREAK etxaldean, Berenice Lopezek eta Markel Garaizabalek duela urtebete eskas jarri zuten martxan esneki freskoak elaboratzeko ekoizpen gunea. Fleckvieh arrazako behiek ekoiztutako esneaz gazta freskoa eta jogurtak elaboratzen dituzte gaur egun, baina martxan hasi zirenetik argi izan dute produktuen berrikuntzaren aldeko apustua egin eta produktu gama zabaldu behar zutela. Honela, Iparraldeko gaztandegi artisau batek ekoizten dituen produktuak erreferentzia gisa hartuta, lore eta belar aromatikoekin infusionatutako jogurtak ekoizteko bidea aztertu nahi izan dute.

Orain arte Esneki Zentroan burututako ekoizpen frogetan emaitza politak lortu dira. Intsusa-lore, berbena-limoi usaina, mendafina, limoi bedarra, eta beste belar batzuk esnetan infusionatuz, jogurt berezi eta berritzaileak garatzea lortu da. Bide honek, esnea osagai naturalen bidez zapore berritzailez indartzea ahalbidetzen du, bestelako osagaien erabilera beharrik gabe eta esnearen balio nutrizionala bere osotasunean mantenduz.

Hurrengo pausuak, produktu hauen ekoizpen prozesua BELAZEko ekoizpen-gunera egokitzea eta belar jogurtek merkatuan izan dezaketen harrera aztertzea izango dira. Bi alderdi hauetan lortutako emaitzak erabakigarriak izango dira Berenicek eta Markelek belar jogurt berritzaileak merkaturatzeko erabakia hartzeko.

Garapen proiektu hau, esneki sektore artisaua indartzeko bide bat izango delakoan gaude eta produktu berriek BELAZE ZAPOREAKen banaketa-sarean harrera ezin hobea izatea espero dugu!

 

COOKIEEN ERABILERA

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu erabiltzaileen esperientzia ahalik eta onena eskaintzeko.

Jarraitu aurretik, cookie horiekin zer egin erabaki behar duzu. Guztiak onar ditzakezu edo egiten duzun hautaketa gorde.

COOKIE PROPIOAK

Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookie teknikoak erabiltzen ditugu eta cookien ezarpenetarako eta aukeratutako hizkuntzarako zure lehentasunak gordetzen ditugu.

HIRUGARRENEN COOKIEAK

Hirugarrenen guneak erabiltzen ditugu nabigazioa aztertzeko eta txertatutako informazioa erakusteko. Aktibatu nahi dituzun aukerak.

Hirugarrenen cookieak ez onartzeak esan nahi du ez dizugula zenbait eduki erakutsiko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi: Pribatutasun politika