2022-05-11
Elikagaien segurtasunean aurrerapen teknologiko garrantzitsuak ematen diren arren, arriskua beti dago. Hornitzaileak, enpresak, zentro teknologikoak eta agintariak horren jakitun dira, eta sektore hori gero eta seguruagoa, kontrolatuagoa eta iraunkorragoa izan dadin lan egiten dute. Elikagaien segurtasuna erronka bat da, eta, horregatik, higienea, kontrol-prozesuak eta zerbitzuaren bikaintasuna ezinbesteko tresnak dira erronka horri aurre egiteko.
Behar horretaz jabetuta eta elikagaien segurtasunaren hainbat alderdiri ekiteko asmoz, Christeyns-ek, higienearen sektorean liderra den nazioarteko konpainiak, eta Elhitek-ek (Christeyns-en enpresa banatzailea Euskal Herrian), maiatzaren 6an “Bikaintasuna, biofilmak eta higiene jasangarria: elikagaien industriaren erronka handiak.” izeneko jardunaldi teknikoa antolatu zuten. Leartikerrek hizlari gisa parte hartu zuen bertan. Ekitaldian elikagaien industriarako funtsezkoak diren hiru kontzeptu landu ziren: higiene jasangarria, biofilmak eta zerbitzuaren bikaintasuna.
Hainbat hitzaldiren bidez, elikagaien higienean adituak eta espezialistak direnek elikaduraren industriak dituen erronkak aztertu zituzten, eta elikagaien segurtasunarekin lotutako alderdiak hobeto ulertzen lagundu zuten. Hainbat gai jorratu ziren, hala nola alergenoak kontrolatzeko teknikak, kutsadura gurutzatuak saihesteko, edo patogenoek desinfektatzaileekiko duten erresistentzia. Jardunaldian higienea kontrolatzeko tresnei buruzko berrikuntzak ere aurkeztu ziren, gainazaletan kutsadura erraz eta azkar detektatzeko aukera ematen dutenak, baita biofilmen existentzia ere.
Iraunkortasuna eta baliabideen optimizazioa ere landu ziren. Amaitzeko, mahai-inguru bat egin zen, non Delikatetxe, Txangu2 Gourmet eta Irabia Garbiketa Zerbitzuak euskal enpresek jardunaldiaren gaiarekin lotutako zenbait kasu praktiko azaldu zituzten.
Leartiker Elikagaien Teknologiaren izenean, Lorena Zudaire doktoreak, PREST espezialitatearen arduradunak, hainbat alderdiri buruz hitz egin zuen bere hitzaldian, hala nola azken osasun-alertak, horien eragina edo elikagaien industrian dauden arriskuak eta horiek kontrolatzeko modua.