Medikuntza birsortzailearen itxaropena gero eta hurbilago Laika proiektuari esker

2022-09-21

Azken urteotan, medikuntza birsortzailearen alorrak interes handia sortu du, eta horren bidez, gorputzeko organoak eta ehunak berreskuratu eta sendatu nahi dira laborategian garatutako materialekin. Material horien ezaugarri nagusiak biobateragarritasuna, biodegradagarritasuna eta gorputzean integratzeko gaitasuna dira. Medikuntza birsortzailearen eremua diziplina anitzekoa da, besteak beste, medikuntza, biologia, materialak, ingeniaritza eta nanoteknologia hartzen baititu.

Laika proiektua, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) azterketa biologikoak eta Leartiker zentro teknologikoko materialaren karakterizazioa uztartuz gauzatzen da. Azterlan honek, ehun kartilaginosoaren birsorkuntzaren bidez, osteoartritisa edo antzeko lesioak jasaten dituzten pertsonen kartilagoaren funtzionaltasuna berreskuratzea du helburu.

 

Laika proiektua

2021ean hasi zen Laika proiektuaren baitan, alginatoz eta azido hialuronikoz (HA) osatutako hidrogel erdi-barneratzailea (semi-IPN) eta/edo barneratzailea (IPN) garatuko da , kartilagoa birsortzeko scaffold-en 3D inprimaketan biotinta gisa erabili ahal izateko. Ezinbestekoa da material horiek modu egokian diseinatzea eta formulatzea, bertako ehunaren ahalik eta antz handiena izan dezaten eta, horrela, ehun kartilaginosoa birsortzeko funtzioa bete dezaten.

Halaber, material horien karakterizazio osoa egingo da; biskositatea aztertuko da, bioinprimaketa prozesuan materialek izango duten portaera aztertzeko; propietate mekanikoak eta biskoelastikoak aztertuko dira, zurruntasuna eta egonkortasuna zehazteko; eta, azkenik, esperimentu biologikoak eta degradaziokoak egingo dira, material horien biobateragarritasuna zehazteko eta kartilagoa birsortzeko balizko hautagai gisa baliozkotzeko.

Laika proiektuak gure lankide Izar Gorroñogoitia Leartikerren garatzen ari den doktorego-tesia du oinarri: “Alginato eta azido hialuronikozko sare barneratzaileetan oinarritutako kartilago artikular baten in vitro garapena” izenburupean. Tesi honek Leartikerren dugun ehun-ingeniaritzako ikerketa-ildoa osatzen du. Bertan, biomaterialak eta zelulen birsorkuntza-prozesuak ikertzen ditugu gure osasun-espezialitatean. Horrelako ekimenek ate berriak irekitzen dizkigute ezagutza sortzen jarraitzeko eta pertsonen ongizatean lagunduko duten gailu mediko berriak garatzeko.

Ezagutzatik aplikazio klinikora doan bidea luzea eta konplikatua da, eta Leartikerren badakigu oraindik lan asko dagoela egiteko lortutako aurrerapenak kliniketan ikusi ahal izateko. Baina ikerketak ezagutza eta itxaropen handia ematen digu, eta horretan dihardugu.

 

 

 

 

COOKIEEN ERABILERA

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu erabiltzaileen esperientzia ahalik eta onena eskaintzeko.

Jarraitu aurretik, cookie horiekin zer egin erabaki behar duzu. Guztiak onar ditzakezu edo egiten duzun hautaketa gorde.

COOKIE PROPIOAK

Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookie teknikoak erabiltzen ditugu eta cookien ezarpenetarako eta aukeratutako hizkuntzarako zure lehentasunak gordetzen ditugu.

HIRUGARRENEN COOKIEAK

Hirugarrenen guneak erabiltzen ditugu nabigazioa aztertzeko eta txertatutako informazioa erakusteko. Aktibatu nahi dituzun aukerak.

Hirugarrenen cookieak ez onartzeak esan nahi du ez dizugula zenbait eduki erakutsiko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi: Pribatutasun politika