2022-10-06
Gaur egungo jasangarritasun-baldintzek material polimerikoen epe luzerako portaeraren gero eta ezagutza sakonagoa eskatzen dute, bereziki, garraioa (automobilgintza, trenbidea, aeronautika), etxetresna elektrikoak, elektronika eta aisialdia bezalako sektoreetan egitura-eskakizunak dituzten aplikazioetara bideratutako materialen kasuetan.
Material batek karga-, tenperatura- edo hezetasun-aldi luzeetarako duen erantzuna aztertzeko, erabilera-baldintza errealak errepikatu ohi dira saiakuntza-sistema aurreratuen bidez, non propietate termo-mekanikoen bilakaera eta degradazioa aztertzen diren. Hurbilketa bat saiakuntza normalizatuak egitea izan daiteke, eta beste bat, exekuzio-denborak laburtzeko azelerazio-metodo berriak garatzea, fabrikatutako materialen eta produktuen bizitza aurreikusteko gaitasuna galdu gabe. Leartiker bi bideak ikertzen ari da.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak AZPITEK 2021 programaren bidez emandako laguntzari esker, LEARTIKERek creep edo isurpen-saiakuntzak egiteko eta tentsioak lasaitzeko ekipo berri bat erosi du, zentro teknologikoa material polimerikoen esposizio-denbora luzeetarako (10,000 ordu) karakterizazioaren abangoardian kokatzen duena.
Zwickroell enpresak garatutako ekipo berriak deformazioaren edo tentsioaren bilakaera eta polimero batean gerta daitezkeen hausturak zehaztuko dituzten saiakuntzak egiteko gaitasuna emango du. Era berean, jatorrizko ekipoen fabrikatzaileek, osagaien hornitzaileek eta material-fabrikatzaileek eskatutako epe luzeko saiakuntzen esparruan ezagutza garatzeko aukera emango die Leartikerreko ikerlariei.
Kappa Multistation makina estazio anitzeko sistema batez osatuta dago (eragingailu bakoitzean 10 KN-ko indarra duten 5 estazio independente), material polimerikoetan saiakuntzak egiteko (kautxuak eta termoplastiko elastomeroak bezalako material elastomerikoak, beira-/karbono-zuntzez indartutako material konposatuak), eta, tenperatura-kontrola (-60ºC-tik +180ºC-ra) eta hezetasun-kontrola ere (%20-90eko hezetasun erlatiboa 20-90ºC-ko Tº tartean) neurtzen ditu. Horrez gain, kontakturik gabeko materialaren deformazioa neurtzeko eta kontrolatzeko aukera ematen du, estazio bakoitzean kokatutako ikuspen artifizialeko sistema baten bidez (5 bideo-estentsometro), eta aplikatu daitezkeen deformazio-moduak trakzioa, flexioa, konpresioa eta beste egoera batzuk dira (tresnak fabrikatuz eta fabrikatutako piezetara egokituz).
Azken urteotan, material polimerikoen portaeraren karakterizazio zehatzagoa lortzera bideratutako hainbat saiakuntza-metodologia garatu ditu Leartikerrek. Inbertsio honi esker, zentro teknologikoak metodologia berrietan aurrera pausuak eman ahal izango ditu, saiakuntzak egiteko denbora murrizteko eta portaera zehatzak aurreikusteko gai izateko.