Euskadi-Nafarroako osasunaren eta 3D inprimaketaren arloko eragileen arteko sinergiak

2022-11-16

Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroak (CIMA) eta Leartikerrek, polimeroen teknologian espezializatutako zentro teknologikoak, jardunaldi bat antolatu dute gaur goizean Iruñean, Euskadiko eta Nafarroako osasunaren eta 3D inprimaketaren arloko eragileen artean, sinergiak sortzeko, harremanak estutzeko eta lankidetza-aukera berriak aztertzeko.

Izan ere, bi erakundeek Europako CARDIOPATCH (Interreg Sudoe) proiektuan parte hartze dute, medikuntza birsortzailearen eta 3D inprimaketaren bidez, miokardio-infartua tratatzeko bide berriak eta pazienteen bizi-kalitatea hobetuko duten irtenbideak bilatzen. Egitasmo horren bidez, halaber, “Bikaintasun-Sare” bat ere sortu nahi da, Europako hego-mendebaldean sektore biomedikoaren I+G+b bultzatzeko eta 4.0 industriaren teknologiak osasunaren eta 3D inprimaketaren sektorera zabaltzeko asmoz.

Ikerketaren aurrerapenak ezagutzera emateko eta osasunaren eta 3D inprimaketaren sektoreen artean sinergiak sortzeko, CIMAk eta Leartikerrek antolatu duten jardunaldi honetan Nafarroako Gobernuko ordezkariek parte hartu dute: Uxue Itoiz, Nafarroako Gobernuko Industria, Energia eta S3 Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusiak ekitaldiari hasiera eman dio, eta Mikel Irujo, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria izan da jardunaldiari itxiera emateaz arduratu dena.

Euskadi eta Nafarroako osasunaren eta 3D inprimaketaren sektoreko eragile ezberdinek parte hartu dute jardunaldian. OPTIMUS3D, i+MED, Izasa Scientific, Naitec eta Viscofan bezalako enpresa garrantzitsuak ekarpen interesgarriak egin dituzte, besteak beste, azken urteotan egin dituzten ikerketak eta garapenak aurkeztu dituzte, osasun-sektoreko beren proiektuetan egin duten 3D inprimaketaren erabilera bereziki azpimarratuz.

 

 

Ondoren, mahai-inguru bat egin da, non hizlariek enpresentzako aukera berriei buruz dituzten ikuspegiak partekatu dituzten, eta sektorearentzat etorkizun ona aurreikusten dela ondorioztatu dute.

Bukatzeko, Eloy Roblesek, Nafarroako Unibertsitateko proiektuen kudeatzaileak, elkarlan-proiektuetarako dauden finantzaketa-aukerak aurkeztu ditu, eta Europako, estatuko eta eskualdeko finantzaketa-aukerei buruzko informazio zehatza eman du. Halaber, Roblesek jarraibideak eta aholkuak eman ditu interesatuek aipatutako finantzaketetara aurkeztu nahi dituzten proiektuen proposamenak hobetu ahal izateko.

Jardunaldian parte hartu dutenek pozik bukatu dute topaketa; bertan parte hartu duten hizlariei, eragileei eta erakundeei esker, sinergiak bultzatu ahal izan dira, eta espazio paregabea sortu da etorkizuneko lankidetza eta garapenetarako aurreko urratsak emateko.

 

CARDIOPATCH Interreg Sudoe proiektuan aurrerapenak

Nafarroako Unibertsitatea Klinikak zuzentzen duen eta FEDER funtsen bidez Interreg Sudoe Programak kofinantzatutako Cardiopatch proiektuaren helburu nagusia, miokardio-infartua izan duten pertsonen bihotz-birsorkuntzarako “adabaki adimentsu” bat garatzea da. Kardiologian, zelula-terapian, nanoteknologian, 3D inprimaketan, bioingeniaritzan eta transferentzia teknologikoan espezializatutako bederatzi erakundek parte hartzen dute proiektu honetan, eta horien artean dago Leartiker.

Ekimen honen baitan, zentro teknologikoaren xedea bi gailu garatzea da; alde batetik, adabaki adimentsua hazteko eta garraiatzeko 3D sistema bat, eta, bestetik, adabakia bilduko (biribilkatu) duen eta bihotzean modu ez-inbaditzailean ezartzea erraztuko duen 3D tresna bat. Leartikerrek eskala txikian garatutako bioerreaktoreak adabaki adimentsua hazteko erabiltzen ari dira jada, eta bioerreaktore handiagoak, berriz, oraindik balidazio-fasean daude, urte hasierarako prest egon daitezkeen aurreikuspenarekin. Aldiz, adabakia biribilkatzeko 3D tresna datorren urteko lehen seihilekoan prest egotea aurreikusten da.

Proiektua 2023an amaituko da eta garatzen ari diren produktuak animaliekin balioztatuko dira. Datorren urteko urtarrila eta otsaila funtsezkoak izango dira CARDIOPATCH proiekturako, epealdi horretan txerrietan lehen frogak egiten hastea aurreikusten baita.

 

Informazio gehiagorako: www.cardiopatch.eu

 

COOKIEEN ERABILERA

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu erabiltzaileen esperientzia ahalik eta onena eskaintzeko.

Jarraitu aurretik, cookie horiekin zer egin erabaki behar duzu. Guztiak onar ditzakezu edo egiten duzun hautaketa gorde.

COOKIE PROPIOAK

Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookie teknikoak erabiltzen ditugu eta cookien ezarpenetarako eta aukeratutako hizkuntzarako zure lehentasunak gordetzen ditugu.

HIRUGARRENEN COOKIEAK

Hirugarrenen guneak erabiltzen ditugu nabigazioa aztertzeko eta txertatutako informazioa erakusteko. Aktibatu nahi dituzun aukerak.

Hirugarrenen cookieak ez onartzeak esan nahi du ez dizugula zenbait eduki erakutsiko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi: Pribatutasun politika