2023-03-09
Aplikazio biomedikoetan erabiltzeko mikrogailuekiko interesa azkar handitu da azken urteotan. Garatutako teknologia berriak gero eta txikiagoak eta adimentsuagoak izan ohi dira, eta, aldi berean, ekoizpen azkarragoa eta merkeagoa bilatzen da.
LAMIPoC* (Laser Assisted MIcrofabrication of POC diagnostic microfluidic devices) proiektuak laser ultra-azkar bidezko mikrofabrikazioaren kostu-eraginkortasun azterketa bat proposatzen du, gailu mikrofluidikoak masan ekoizteko alternatiba azkarragoa eta merkeagoa identifikatzeko helburuarekin. Azterketa honek, halaber, laserrak gainazal funtzionalak sortzeko duen gaitasuna ebaluatuko du, horrela, diagnostiko-saiakuntzetan eta kultibo zelularreko aplikazio mikrofluidikoetan eskatu ohi diren pieza polimerikoen bustigarritasun-propietateak hobetzeko. Akitania eta Nafarroako Euroeskualdeko Berrikuntza proiektuen deialdiari esker egitasmo hau gauzatzea posible izango da.
Leartiker zentro teknologikoak gidatuko duen Europako ekimen honek beste bi bazkideren laguntza izango du: Bordelen dagoen ALPhANOV optika eta laserren zentro teknologiko frantsesa eta OSF Plastic enpresa nafarra, plastikoa eta silikona likidoa injektatzeko soluzioetan adituak.
Etorkizunera begiratuz eta biomedikuntzaren bilakaera gero eta handiagoari so eginez, Leartiker zentro teknologikoak, Osasuna espezializazioaren baitan, ehun-ingeniaritzaren eta gailu mikrofluidikoen garapenaren aldeko apustu irmoa egin du azken urteotan. Bilakaera handia izaten ari diren bi ikerketa-ildo. Proiektu honen baitan, Leartikerrek gailu mikrofluidikoen masa-produkzioan duen ezagutza kontutan hartuta, produkzio-prozesua definitzen eta baliozkotzen lagunduko du, teknologia horretan oinarritutako prototipo funtzionalak sortuz. Gailu mediko horien fabrikazio-prozesua eskalatzea bultzada handia izango da industria honen lehiakortasunerako.
Ostegun honetan, martxoaren 9an, proiektua aurkeztu eta abiarazteko partzuergoaren lehen bilera ospatu da, Leartikerren instalazioetan, Markina-Xemeinen (Bizkaia). Bertara hurbildu dira partzuergoko gainerako kideak eta Leyre Azcona, NAEN euroeskualdearen (Nueva Aquitania Euskadi Navarra) ordezkari gisa.
* LAMIPoC - POC diagnostikorako gailu mikrofluidikoen laser bidezko mikrofabrikazioa.