Hastapenerako plastiko birziklatuzko xistera berria zesta puntarako
Zesta Punta zorioneko dago, azaroaren 30ean egin den plastikozko xistera berri baten merkaturatzearen aurkezpenari esker. Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren, VOLO elkartearen eta Leartiker zentro teknologikoaren arteko lankidetzari esker, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, plastikozko xistera bat garatu da zesta-puntaren hastapenerako.

Ekimen honen hasiera 2019an kokatzen da, Zesta Puntaren sustapena mugatzen zuten hainbat premia identifikatu zirenean: hasi berrientzako zumitzezko zestaren kostea eta, horren ondorioz, zesta eskoletatik kanpora kirol hau praktikatzea suposatzen duen eragozpena, kirol horren hedapen naturala mugatzea, berrikuntzak sartzeko zailtasuna, eta gero eta zestagile artisau gutxiago dagoela, besteak beste.
Hainbat eragile, enpresa eta elkartek hartu dute parte egitasmo honen aitzindari izan diren proiektuetan: Xistera elkartea, Asca enpresa, Leartiker Zentro Teknologikoa, Lea Artibai Ikastetxea, Teknika, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritza, VOLO elkartea eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioa. Horien guztien lanari eta bultzadari esker, zesta puntak hastapenerako behar zuen xistera garatzea lortu da.
Xistera ekonomiko eta erabilgarria
Proiektu honen helburu nagusia xistera arin, ekonomiko eta erabilgarri bat garatzea izan da, txikienentzat eta familien poltsikoentzat egokia, eta zesta puntako klubetan erraz zabaltzeko modukoa. Edozein tamainatako frontoietan eta ikastetxeetako gorputz-hezkuntzako ikasgaian erabil daitekeen tresna bat.
VOLO elkartea eta Leartiker elkarlanean aritu dira plastikozko xistera berri honen garapenean. 350 gramoko pisua eta 55 zentimetroko luzerarekin, 6 urtetik 12 urtera bitarteko haurrek, teniseko pilotekin eta eskuko "goxoa" pilotekin, zesta punta praktikatu ahal izateko aproposa da xistera hau.
Bere garapenean erabilitako materiala, plastikozko botilen tapoietatik lortutako kopolimero birziklatu bat izan da, eta zestaren diseinuaren ezaugarri nagusienetako bat, erabilgarriagoa eta pisu aldetik arinagoa bihurtzen duen saihets-formako alboko egitura bat izatean datza. Guzti horrekin, plastikozko xistera arin eta iraunkor bat garatzea lortu da.

Dagoeneko tresna berriarekin frogak egin dira, Zesta Punta eskoletan ere erabiltzen egon dira eta emaitzak oso baikorrak dira. Xistera honek zumitzezko ohiko zestak baino 100 gramo gutxiago pisatzen du eta horri esker ikaskuntza prozesua errazten da, umeentzat zesta puntan jolasten ikastea errazagoa bihurtuz. Adin tarte horretako umeei zumitzezko ohiko zesta erraztasunez maneiatzea kosta egiten baitzaie.
Hastapenerako plastikozko zesta honen salneurria 36,30€ (klubentzako prezioa) eta 60€ (prezio orokorra) bitartekoa izango da eta https://euskalpilotaonline.com/ atariaren bitartez eskuratu ahalko da.
Egitasmo hau ez da ordea hemen bukatzen, bere bidea jarraituko baitu etorkizunean garapen berriak eginez eta Euskal Pilota modalitate ikusgarri honek dituen arazo ezberdinei irtenbidea bilatzen. Horretarako, proiektu honetatik lortutako dirua berriz inbertituko da kirol honen etorkizunari berrikuntzaren bitartez lagunduz.
Berrikuntza-proiektu bat baino gehiago
Proiektu hau berrikuntzatik haratago doa, inguratzen gaituen komunitatearekin eta kulturarekin dugun konpromisoaren testigantza da. Mota honetako proiektuen bidez harreman esanguratsuak lantzen ditugu eta balore kooperatiboen ekosistema elikatzen dugu.
Imajinatu, ez bakarrik trebetasun teknikoengatik, baizik eta helburu partekatu batengatik elkartutako lan-talde bat. Honela sortu da egitasmo hau. Ezaugarri berritzaileak zutabe sendoak dira, bai, baina proiektuaren funtsa kultura-kirola-pertsonen arteko lotura emozionala da, gure lurraldean hain errotuta dagoen Zesta Punta bezalako kirol batek etorkizun hobea izan dezan lankidetza-sare bat eratzen duena.
