Dieta osasungarri eta arduratsu baterako proteina fungikoarekin egindako plant-based postreak
Ausolanek, sukaldaritza kolektiboaren sektorean liderra, eta Eroskik, Espainiako banatzaile nagusietako bat, elkarlan proiektu bat egin dute mikoproteinan espezializatutako Innomy start-uparekin eta elikagaien teknologian espezializatutako Leartiker Zentro Teknologikoarekin batera: biomasa fungikotik ateratako proteina funtsezko osagai gisa erabiliz, postre begano proteikoak diseinatu dituzte.
Urtebeteko elkarlanaren ondoren, Delifungus izena duen proiektua arrakastaz amaitu da, elikagaien berrikuntzan mugarri bat ezarriz: produktu osasungarri eta jasangarrien eskaera gero eta handiagoari erantzuteko postre begano proteikoak garatuz. Horretarako, ekime honetako bazkideek Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa izan dute, Berriker 2023 programaren bidez.
Produktu beganoen eta proteikoen eskaria handituz doa
Garatu beharreko produktu berrien arrakasta ziurtatzeko, elikagaien berrikuntzako proiektu honen lehen urratsak merkatu azterketa sakon bat egitera bideratu dira, eta horrek agerian utzi du produktu beganoen eta proteikoen eskaria nabarmen handitu dela. Ikerketaren ondoren lortutako datuen arabera, kontsumitzaileen % 80 baino gehiago landareetan eta proteina altuetan oinarritutako plant-based dietekin identifikatzen da.
Kontsumitzaileen % 32 flexitarianoak dira (dieta begetarianoa jarraitzen dute, modu malguan), % 29 begetarianoak (ez dute haragirik kontsumitzen, baina bai animalia-jatorriko produktuak) eta % 22 beganoak (animalia jatorriko produkturik gabeko dieta). Dieta aukeratzeko motibazioei buruz galdetuta, gehienek erantzun dute arrazoi animalistak, ingurumenekoak eta osasunari lotutako arrazoiak bultzatuta aukeratzen dituztela dieta horiek.

Plant-based postreak
Euskadiko kontsumitzaileen aukera dietetikoari buruzko mapa argiago bat eskuartean hartuta, plant-based postreen barietateak garatzea erabaki zen, eskari espezifiko eta gero eta nabarmenagoa duten elikagaien kategoria bat, hain zuzen ere. Kontsumitzaile begano, begetariano eta flexitariano askok beren dietak errespetatzen dituzten postreak bilatzen dituzte, izan ere, postre tradizionalen merkatua (esnekiekin eta arrautzekin ekoizten dena) nagusi da oraindik merkatuan.
Banilla eta txokolate krematsuak eta arroz krematsua izan ziren elikagai berrien garapen prozesurako definitu ziren hiru barietateak. Banilla eta txokolatea kontsumitzaile guztien artean zapore ezagunenetako bi dira, eta horrek erraztu egiten du bertsio begano eta proteiko berriak onartzea. Arroz-krematsua, bestalde, arroz-esnearen antzekotasun handia duen produktua da, kontsumitzaileen artean onarpen handia duen postre tradizionala.
Garatutako produktu berriei kontsumo-probak egin zitzaizkien, eta kontsumitzaileen onarpen bikaina lortu zuten, proteinazko postre horiek eguneroko dietan txertatzeko interesa zutela adieraziz.

Proteina fungikoa
Postreak garatzeko fasean, animalia-proteinei alternatiba berritzailea eta ekologiko bat bilatuz, osasunerako onura ugari dituen biomasa fungikotik ateratako proteina txertatzea erabaki zen. Osagai horrek, nutrizio profil osoa izateaz gain, beste landare proteina-iturri batzuekin alderatuta (soja edo arroza, adibidez) inpaktu txikia du ingurumenean, baliabide natural gutxi erabiltzen dituelako (onddoak oso ur gutxirekin landu daitezke, eta leku gutxi hartzen dute). Gainera, azkar hazten dira eta pestizida edo ongarri gutxiago behar dituzte beste labore batzuekin alderatuta.
Arrakastaren gakoak: lankidetza estrategikoa eta berrikuntza
Horregatik guztiagatik, ekimen honen barruan garatutako postreek estandar nutrizional eta sentsorial gorenak betetzen dituzte, testura krematsua eta kontsumitzailearen gozagarri diren zapore berritzaileak eskainiz.
Delifungus proiektuaren arrakastak lankidetza estrategikoak eta berrikuntzak elikagaien industrian duten garrantzia berresten du. Produktu proteiko eta jasangarrien eskaeraren igoera errealitate bat da, eta Delifungus bezalako proiektuak funtsezkoak dira kontsumitzaileen nahiak asetzeko eta etorkizun osasungarriagoa eta jasangarriagoa sustatzeko.
