In vitro kartilago eredu biologiko bat garatzen
Laika proiektuaren helburua 3Dn bioinprimatutako in vitro kartilago eredu bat sortzea da, alginatoz eta azido hialuronikoz (HA) osatutako hidrogel erdi-barneratzaile bat (semi-IPN) garatuz. Proiektu hau Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta REGEMAT 3Dren lankidetzaren bidez gauzatu da. Ekimen hau, gainera, gure lankide Izar Gorroñogoitia garatzen ari den doktoretza tesiaren parte da eta Leartikerreko ehun-ingeniaritzako ikerketa lerroa osatzera dator.
In vitro 3D kartilago eredua sortzeko proiektuaren azken fasean murgilduta aurkitzen da momentu honetan Izar, hMSC zelulak kultibatzen eta kondrozitoetarantz (kartilagoko zelulak) bereizten, ondoren kondrozito horiek berak garatutako hidrogelarekin nahastu eta bioinprimagailuan inprimatu ahal izateko. Ikerketa lan hori guztia gure Osasuna espezializazioko “Applied Biomaterials Lab” laborategi berrian garatzen ari da. Mailako teknologiaz hornitutako espazio bat, in vitro biomaterialak garatzeko aukera ematen diguna, ehun-ingeniaritzan eta terapia zelularretan egin berri diren aurrerapenei erantzuteko.

Hidrogel pertsonalizatuen garapena
Zehaztasun handiko hainbat ehun biologiko fabrikatzeaz gain, 3D inprimaketa eta compounding-a bezalako teknologia aurreratuak erabiliz, laborategi honetan mikrogelak eta hidrogelak ere garatzen ditugu, tratamendu zelular pertsonalizatuak eta ez-inbaditzaileak lortzeko.
Bere tesian, Izarrek alginatoz eta azido hialuronikoz (HA) osatutako hidrogel erdi- barneratzaile bat garatu du (semi-IPN), 3Dn bioinprimatutako in vitro kartilagoa garatzeko erabiliko dena. Baina, aurretik, hidrogela kartilagoaren aplikaziora egokitzen dela aztertu behar da. Emaitzak itxaropentsuak izanez gero, aurrerago estimulazio mekanikoa aplikatuko da estimulazio horrek erantzun zelularrean duen eragina aztertzeko.

Terapia aurreratuak eta biomedikuntza
Leartikerreko Osasuna espezializazioko ehun-ingeniaritzako ikerketa lerroan, besteak beste, biomaterialen garapenean eta zelulen birsorkuntza-prozesuen ikerketan lan egiten dugu, horregatik tesi hau gure ikerketa lerroa osatzeko ezinbestekoa da.
Laborategi berriekin Leartikerrek arlo biomedikoan berrikuntzaren eta garapenaren aldeko apustu argia egin du, egungo eskaera klinikoekin eta sortzen ari diren joerekin lerrokatuz.
Gure Osasuna espezializazioko ikerlariak biomedikuntzaren arloan alternatiba berriak bilatzen dihardute, tratamendu inbaditzaileak alde batera utzi eta pertsonalizatutako tratamendu eraginkorrak eskainiko dituen etorkizun baten alde lan eginez.