KIDE Leartikerreko bazkide laguntzaile berria
KIDE (Berriatua) eta Leartiker (Markina-Xemein) kooperatibek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute KIDE Leartikerreko bazkide laguntzaile berria izateko. Akordioa sinatzeko ekitaldian Mario Lopez KIDEko zuzendari nagusiak eta Agustin Bengoetxea lehendakariak, eta Jon Anakabe, Leartikerreko zuzendari nagusiak parte hartu zuten. Aliantza honen bitartez erakundeek berrikuntza teknologikoarekin, garapen jasangarriarekin eta elkarren arteko lankidetzarekin duten konpromisoa indartu dute.
MONDRAGON Korporazioko bi kooperatibek, indarrak batu dituzte garapen teknologikorako aukera berriak aztertzeko, baliabideak optimizatzeko eta industria zein gizarte arloan ekarpen handiagoa egiteko.
"Leartikerrentzat plazer bat da KIDE bazkide laguntzaile izatea, azken finean, bi erakundeok Lea-Artibain lanpostuak sortu eta eskualdeari bizitasuna emateko misioa konpartitzen dugu. Hain hurbil egonda eta betidanik harreman oso ona izanda, ba oso polita Leartikerrentzako kidek gugan sinistu izana eta bazkide moduan izatea". Jon Anakabe, LEARTIKEReko zuzendari nagusia.
"KIDErentzat kolaborazio hau oso garrantzitsua da, ezagutzen garenetik gure arteko harremana oso ona izan da. Kooperatiba gisa uste dut asko eman diezaiokegula Leartikerreri eta Leartikerrek ere uste dut asko eman diezaiokela KIDEri. Beraz, gaur egun handia da".
Mario López, KIDEko zuzendari nagusia.
Akordio hau elkarlanaren balioaren adibide argia da. Gaitasunak, ezagutzak eta esperientzia uztartzea funtsezkoa da pertsonetan oinarritutako eredu ekonomiko erresilienteagoa eta berritzaileagoa eraikitzen jarraitzeko.
_____________________
KIDEri buruz
KIDE hotz-soluzio integralak diseinatu eta fabrikatzen dituen kooperatiba bat da: hotz ganberak, panel isolatzaileak, ateak, hotz ekipoak eta lehortegiak. Aurten bere 50. urteurrena ospatzen du estatu mailako erreferente izanik eta nazioarteko proiekzioarekin.
%100eko ekoizpen nazionalarekin, bere instalazioak handitu eta digitalizatzeko apustu irmoa egin zuen 2023an, etorkizuneko erronkei aurre egiteko asmoz. 7 milioi euroko inbertsioa egin zuten ekoizpen guztia Berriatuan (Bizkaia) zentralizatzeko eta instalazioak 2.800 metro karratu handituz.
Leartikerri buruz
Leartiker 2015ean sortutako zentro teknologikoa da, Markina-Xemeinen kokatua, Bizkaian. Elikagaien Teknologian eta Polimeroen Teknologian espezializatuta, sortzen duen ezagutza eta teknologiaren transferentzian nabarmentzen da. Elikaduran, hartzidura, esnekiak eta elikagai jasangarri berrien diseinuan eta garapenean zentratzen da Leartikerren jarduna eta, polimeroetan, material aurreratuak eta teknologia garatzen ditu osasuna, mugikortasun jasangarria eta bioingeniaritza sektoreetarako, material horien portaeraren digitalizazioan arreta berezia jarriz.
Leartiker proiektua elkarlanean eraikitzen da, ezagutza balio erantsi bilakatuz, dibertsifikazio-prozesuak erraztuz eta lanpostu berriak sortuz, batez ere eremu hurbilean.
