Fibrosiari lotutako biriketako hipertentsioari aurre egiteko ikerketa kolaboratiboa
Biriketako hipertentsioa, odola bihotzetik biriketara eramatea zailtzen duen biriketako arteriei eragiten dien gaixotasun progresiboa da. Baldintza hori prozesu fibrotikoekin lotzen denean, diagnostikoa eta tratamendua are konplexuagoak bihurtzen dira, eta pronostikoak nabarmen egin dezake okerrera.
Leartiker zentro teknologikoan bmG24 proiektuan parte hartzen dugu: biriketako hipertentsio espezifiko horretarako tresna diagnostiko eta terapeutiko berrien garapenean oinarritutako ikerketa kolaboratiboa. Proiektuaren helburua biomarkatzaile berritzaileak identifikatzea eta jarraipen klinikorako metodo alternatiboak baliozkotzea da, diagnostikoaren zehaztasuna hobetzeko eta tratamenduei ematen zaien erantzuna optimizatzeko.
Birika-inguruneko mekanismoa simulatzeko gai den bioerreaktorea
Leartikerrek ekimen honi egiten dion ekarpena biriketako ingurunea mekanikoki mimetizatzeko gai den biorreaktore baten diseinuan eta garapenean oinarritzen da. Mimetizazio horren funtsezko ezaugarrietako bat arnasketa mugimenduak erreproduzitzeko gaitasuna da, hau da, biorreaktorearen barruan kultibatuko diren ex vivo modeloetan biriki-ehunaren hedapena eta uzkurdura eragiteko gaitasuna. Lan hori egiteko, Leartikerrek oinarri malgua duen biorreaktore bat diseinatu du, deformazio ezberdinak aplikatzea ahalbidetuko diona, eta zehaztasun handiko eragingailu mekaniko bat eskuratu du. Sistema osoa (biorreaktorea eta eragingailu mekanikoa) laborategiko inkubagailu batean sartu ahal izango da, eta, horri esker, saiakuntzetan kontrolatutako baldintza fisiologikoak mantendu ahal izango dira.

Diseinu- eta garapen-prozesuan dagoen bioerreaktorearen funtsezko ezaugarriak:
- Ehun-ereduak baldintza bideragarrietan garraiatu ahal izango dira
- Ehunaren bilakaera tenporala kontrolatzeko irudiak ateratzea erraztuko duen kalitate optikoa izango du
- Lainoztatze bidez tratamendu ezberdinak aplikatzeko aukera emango du horretarako zehazki diseinatuta tapari esker.
Ezaugarri hauei esker, gailu honek biriketako hipertentsioa bezalako gaixotasunak aztertzeko eta tratamendu desberdinei denbora errealean ematen zaien erantzuna ebaluatzeko aukera emango du, animalia ereduetara jo beharrik gabe.
Medikuntza pertsonalizaturantz
Teknologia horri esker, hainbat tratamendu probatu eta haien eraginkortasuna zehatzago aztertu ahal izango da, biriketako hipertentsiorako tresna terapeutiko pertsonalizatuen garapenean aurrerapen nabarmena eskainiz.
bmG24 proiektua biriketako hipertentsioaren azterketan aurrerapen teknologikoa izateaz gain, ikerketa biomedikoa hobetzeko potentzial handia eskaintzen duen egitasmoa ere bada. Garatutako teknologiak saiakuntzen balio biologikoa handitu lezake, eta terapia berritzaileak zehatzago baliozkotzen lagundu. Ikuspegi horrek Leartikerrek ikerketa etikoarekin duen konpromisoa indartzen du, ikerketa arduratsuaren printzipioekin lerrokatutako soluzio biomediko jasangarriak eskainiz.
Ikerketa kolaboratiboa
SPRI Taldeak eta Eusko Jaurlaritzak ELKARTEK 2024 programaren bidez finantzatutako bmG24 proiektuak, Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-erakundeen partzuergo sendo batek osatzen du. Partzuergo horrek biomaterialak, neurozientzia, osasuna, kimika, energia, ikusizko interakzioa eta teknologia medikoak bezalako funtsezko arloetan duten esperientzia eskaintzen du. Kolaboratzaileen artean daude Biomaterialetako Ikerketa Kooperatiboko Zentroa Elkartea (CIC BiomaGUNE), BCBL Basque Center on Cognition Elkartea - Brain and Language, Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutua Elkartea, Gaiker Fundazioa, Cidetec Fundazioa, Tecnalia Research & Innovation Fundazioa, Vicomtech Ikus Interakzioko eta Komunikazioetako Teknologien Zentro Fundazioa eta Leartiker S. Coop.
Inpaktu kliniko erreala duten soluzio berritzaileak sortzeko duen potentziala indartzen duen diziplina anitzeko lankidetzan oinarritutako proiektua da bmG24.
