i-InjLab, termoplastikoen injekzioa eraldatzen duen laborategi adimenduna
Leartikerrek i-InjLab laborategiarekin urrats erabakigarria eman du digitalizazio aurreraturako eta jasangarritasunerako bidean. Termoplastikoak injektatzeko laborategi adimendun hau mugarri bat da ikerketa aplikatuan eta transferentzia teknologikoan. Eusko Jaurlaritzaren Azpitek programaren bitartez eskuratutako azpiegitura berria, tresna estrategikoa da Leartiker azken belaunaldiko injekzio prozesuetan erreferente gisa kokatzeko.
i-InjLab industriaren egungo erronkei erantzuteko diseinatu da, adimen artifiziala, NIR analisia eta denbora errealeko kontrol sistemak integratuz, injekzio prozesuaren aldagai kritikoak eta materialaren propietateak monitorizatzeko. Gaitasun horri esker, laborategiak azken produktuaren trazabilitatea, errepikagarritasuna eta kalitatea bermatzen ditu, baita material birziklatuekin lan egiten denean ere, digitalizazio eta jasangarritasun erronkei erantzuteko, RIS3 Euskadi estrategiarekin eta 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin lerrokatuz.

Azpiegitura aitzindaria
Begizta itxia instalatzeak prozesuaren funtsezko aldagaiak neurtzeko aukera ematen digu, hala nola presioa, fluxua, tenperatura eta urtutako materialaren biskositatea. Aldagai horiek prozesuaren portaera ideala adierazten duten eredu matematikoekin alderatzen dira. Fabrikazio zelulak 30 eta 350 cm³ arteko piezak prozesatzeko gai den makina bat du, injekzio/konpresio eta kontrol erreologikoko on-site sistemekin, prozesuaren aldaketak automatikoki konpentsatzea ahalbidetzen dutenak. Gainera, deformazioak egiaztatzeko eta simulazioak kalibratzeko kontakturik gabeko neurketa sistema bat du, zenbakizko ereduak baliozkotzeko funtsezko tresna gisa duen zeregina indartuz.
i-InjLabek ematen duen aurrerapen handienetako bat Moldex3D eta Mat Centerrekin duen konexioa da, horri esker simulazio ereduak datu errealekin elikatu eta machine learning teknikak aplikatu daitezke, akatsei aurrea hartzeko, parametroak optimizatzeko eta produktuen eraginkortasuna hobetzeko. Gaitasun hori bereziki garrantzitsua da material birziklatuekin eta elastomero termoplastikoekin (TPE) lan egiteko, materialaren aldakortasunak kontrol zehatza eta egokitzailea eskatzen baitu.

Ordenagailuz lagundutako ingeniaritza (CAE), neurketa-datu errealekin
Ordenagailuz lagundutako simulazioak (CAE) moldekatze prozesuan zehar materialaren portaera ikusteko aukera ematen du, baliabideen erabilera optimizatuz (materiala, ziklo denbora) eta erroreak murriztuz. Osagaiaren geometria erreala simulatutako datuekin atzeman eta zenbaki bidez aldera daiteke, simulazio eredua optimizatzeko eta egiaztatzeko.
Osagai errealen eta simulatuen arteko konparazio horri esker, simulazioen FEM ereduak baliozkotzen dira, ezagutzak eskuratzeko eta fidagarritasun handiagoa bermatzeko. Parametro simulatuetan oinarritutako joeren analisiak fidagarritasuna bermatzen du geroko prozesuari buruzko erabakiak hartzeko orduan, eta horrek produktu iraunkorragoak eta jasangarriagoak lortzea ahalbidetzen du.

Ikerketa eta transferentzia teknologikoa bultzatzea
Automobilgintza eta osasuna bezalako sektoreetan aplikazio zuzenak dituen i-InjLab laborategiak Leartikerren ikerketarako eta ezagutza transferitzeko gaitasuna bultzatzeaz gain, ezagutza zientifikoa sortzeko eta prozesatua/morfologia/propietateak erlazioaren karakterizazioa eta elastomeroen portaera mekanikoaren birtualizazioa bezalako erronkei aurre egiteko aukera ematen du. Horrekin, ikertzeko gaitasuna indartu, enplegu kualifikatua sustatu eta produktu iraunkorragoak eta jasangarriagoak lortzen ditugu, ekonomia zirkularraren printzipioei jarraituz.
Instalazio berri hau berrikuntza arduratsuaren eta gizartearen zerbitzurako garapen teknologikoaren aldeko apustu sendoa da.
