Pint of science: zabaldu dezagun zientzia. Eta zergatik ez taberna batean?

2023-05-11

Zientzia-dibulgazioa zientzian espezializatu gabeko publiko orokorrari hurbiltzea da; ezagutzak, kultura eta pentsamendu zientifiko eta teknikoa azaltzeko eta zabaltzeko jarduera oro da.

Zientzia zabaltzeko bitartekoak askotarikoak eta anitzak dira, hala nola liburuak, kartelak, liburuxkak, irrati- eta telebista-programak, antzezlanak, aldizkako argitalpenak, komunikabideak, multimedia-euskarriak, Internet, museoak eta zientzia-zentroak.

Leartikerren, oraingoan, dibulgazio zientifikorako erabiltzen ditugun ohiko bitartekoetatik haratago joan eta berrikuntza abiapuntu hartuta, dibertsifikatzeko apustua egin dugu, bestelako publiko batengana iristeko asmoz. Duela aste batzuk, Pint of Science Festival jaialdian parte hartzeko proposamena jaso genuen: goi-mailako ikerlariak beraien ezagutzak tabernako giro lasaian partekatzera gonbidatzen dituen nazioarteko ekitaldi bat.

 

Pint of Science

Pint of Science jaialdiaren helburua azken ikerketa zientifikoei buruzko hitzaldi interesgarri, dibertigarri eta hurbilak eskaintzea da, publikoarentzako formatu eskuragarri batean, eta horretarako aukeratutako eskenatokia MUNDU OSOKO TABERNAK dira! Horrela, jendeari ikertzaileekin eztabaidatzeko aukera ematen dion plataforma bat eskaintzen da. Pint of Science irabazi-asmorik gabeko erakundea da, boluntarioek zuzendua, eta graduondoko eta doktoratu ondoko ikertzaileen komunitate batek sortu zuen 2012an. Jaialdi hau urtero egiten da, aldi berean, herrialde eta hiri parte-hartzaile guztietan, eta hiru egunez jarraian zientziaz betetzen dira mundu osoko tabernak.

Hurrengo Pint of Science jaialdia maiatzaren 22tik (astelehena) 24ra (asteazkena) ospatuko da, aldi berean eta modu koordinatuan, munduko hainbat herrialdetan.

Leartikerrek Zientziaren Giltzak elkarteak antolatutako Ondarroako (Bizkaia) Pint of Science jaialdian parte hartuko du maiatzaren 23 eta 24an, Ondarroako taberna ezberdinetan.

Zehazki, gure Polimeroen Teknologia alorretik, Blanca Lekube, Garraio Jasangarria espezializazioko ikerlariak, hilaren 23an, 19: 00etan, “Ondarroako Portuko sareen birziklatzea”ri buruz hitz egingo du MADDI Tabernan. Hitzaldi honetan, Blancak CIRCULARSEAS proiektu europarra aurkeztuko du, 3D printing teknologiaren bidez itsas-sektoreko hondakin plastikoak birziklatzeko eredu praktiko gisa. Proiektu honetan Europako 5 itsas-portuk hartu dute parte, tartean Ondarroako Portuak.

Bestalde, hurrengo egunean, maiatzaren 24an, 19: 00etan, Lorena Zudairek, gure Elikagaien Teknologia arloko Food Design espezializazioko ikerlari eta arduradunak, Ondarroako Idoia tabernan “elikagai hartzituak eta probiotikoak” izango ditu mintzagai. Hitzaldi honen helburua hartzidura eta inguruan ditugun elikagai hartzituak ezagutzea izango da (askotan hartzituak direla ere ez baitugu jakiten), eta horrez gain, elikagai horiek giza-osasunean duten eragin probiotikoa ere aztertuko da.

 

Jaialdi honi buruzko informazio gehiago: www.pintofscience.es/events/ondarroa

 

 

COOKIEEN ERABILERA

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu erabiltzaileen esperientzia ahalik eta onena eskaintzeko.

Jarraitu aurretik, cookie horiekin zer egin erabaki behar duzu. Guztiak onar ditzakezu edo egiten duzun hautaketa gorde.

COOKIE PROPIOAK

Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookie teknikoak erabiltzen ditugu eta cookien ezarpenetarako eta aukeratutako hizkuntzarako zure lehentasunak gordetzen ditugu.

HIRUGARRENEN COOKIEAK

Hirugarrenen guneak erabiltzen ditugu nabigazioa aztertzeko eta txertatutako informazioa erakusteko. Aktibatu nahi dituzun aukerak.

Hirugarrenen cookieak ez onartzeak esan nahi du ez dizugula zenbait eduki erakutsiko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi: Pribatutasun politika