Aplikazio mikrofluidikoen balio-katea aztertzen

2023-06-01

Mikrofluidika fluidoen portaera eskala mikrometrikoan aztertzen duen zientzia da. Horrelako gailuen gaur egungo adibide ezagunak dira azken urteetan nonahi ikusi ditugun antigeno-proba ospetsuak.

Proba edo test horiek gailu mikrofluidikoak dira, likidoak modu kontrolatuan zirkulatzen duten mikrokanal-sareez osatutako egiturak, hain zuzen. Mikroprozesadore batean laborategi-azterketa batzuk egiteko likido kantitate oso txikiak erabiltzen dituzten tresnak dira. Sistema mikrofluidikoek miniaturazko laborategi txikiak osatzen dituzte, eta erabiltzaileak ahalik eta gutxien manipulatzen duen lagin baten prozesu analitikoa automatizatzea ahalbidetzen dute. Horregatik, “Laborategia txip batean” izena ere jasotzen dute.

Teknologia mikrofluidikoan egindako aurrerapenak biologia molekularraren eremuan ere iraultzaileak izaten ari dira, gailu horien garapenak organismoaren 3D ingurune konplexu eta dinamikoak erreproduzitzea ahalbidetzen duelako, ehun biziaren egitura, funtzioa eta ezaugarri mekanikoak zehatz-mehatz islatuz. In vitro saiakuntzekin oso zaila da emaitza horiek lortzea, 2D geruza bakarreko zelulak erabiltzen baita. Aplikazio honetara bideratutako gailu mikrofluidiko berriei Organ-on-a-Chip izena jarri zaie, eta farmakoen eraginkortasuna probatzeko aukera ematen dute, ahal den neurrian animalien esperimentazioa saihesteko.

 

Polymers and Medical Applications jardunaldiaren XI. edizioa

Mikrofluidika izan zen, hain zuzen ere, joan den ostiralean Leartikerren (Markina-Xemein, Bizkaia) egin zen Polymers and Medical Applications nazioarteko bilera zientifikoaren XI. edizioko gai nagusia. Hizlarien artean: Asier Albizu, BIOLANeko zuzendari nagusia eta Basque Health Clusterreko presidentea; Denis Vandormael, phD, Belgikako SIRRIS enpresako proiektu-arduraduna; Josep Maria Meya, IMCD Espainiako Plastikoen eta Kautxuaren Negozio Unitateko zuzendaria; Leire Etxeberria, PhD, Leartikerreko mikrofluidika-arloko ikerlaria; eta Amaia Cipitria, PhD, IIS Biodonostiako ikerlaria eta Bioingeniaritza birsorkuntzan eta minbizian ikerketa-taldeko kidea.

Hizlariek osasunerako aplikazio mikrofluidikoen balio-kate osoa hartzen duten hainbat gai aurkeztu zituzten: materialak, erregulazio-arazoak, proiektuak, gailuen fabrikazioa, eta birsorkuntza- eta minbizi-ikerketetan egindako kasu praktikoak.

Lehen aurkezpena Asier Albizu BIOLANeko zuzendari nagusiaren eskutik etorri zen, estatuko enpresek gailu mediko berrietarako CE marka lortzeko dituzten zailtasunen inguruan aritu zena. Izan ere, BIOLAN Zamudion (Bizkaia) dagoen enpresa bat da, eta Point of Care (PoC) sistemak garatu, fabrikatu eta merkaturatzen ditu, osasunerako diagnostikoak egiteko gailu azkar eta zehatzak. Antigenoen testak egiteko baimena izan duen lehen enpresa izan zen Espainian. BIOLANek teknologia propioa eta ezagutza-maila handia ditu, eta horri esker aplikazio disruptiboak eta lehiakorrak garatu dituzte diagnostikoaren munduan. “Fabrikatzaile batek Europako hornitzaile bati azpikontratatu diezaioke fabrikazio osoa, baldintza burokratiko gehiagorik gabe; hala ere, Estatuko lurraldean kokatutako eta behar bezala egiaztatutako enpresen kontratazioa erabat oztopatuta du administrazio publikoak”.

Jardunaldiak aurrera jarraitu zuen gailu eta prototipo mikrofluidikoen fabrikazioari buruzko aurkezpenekin. Horrela, SIRRIS enpresak eskaintzen dituen gailu mikrofluidiko polimerikoen prototipoak bizkortzeko mikrofabrikazio-soluzioak aurkeztu zituen Denis Vandormaelek: industriarako prestatutako ikerketa- eta garapen-prozesuen kate bat, prototipoak sortzeko teknologia berriak, ebaketa-tresna aurreratuak eta prototipoetarako molde modularrak, hori guztia 2-3 eguneko epean kalitate handiko prototipoak sortzeko bermearekin. Hala ere, bukaeran, SIRRISeko proiektu-arduradunak, “fabrikazioaren transferentzia edozein garapenetan hasierako fasetik kontuan izateak duen garrantzia” azpimarratu zuen, prototipoak fabrikatzeko prozesuak ahalik eta zehatzenak izan daitezen.

Kaferako eta networkingerako etenaldiaren aurretik, Josep Maria Meyak, IMCD Espainia Negozio Plastikoen eta Kautxuaren Unitateko zuzendariak, gailu mikrofluidikoetarako materialen erronka nagusiei buruz hitz egin zuen, besteak beste, COC (zikloolefina kopolimeroak) eta PMMA (polimero termoplastikoa) materialak nabarmenduz. Egin nahi diren saiakuntzetarako materialaren oinarrizko prestazioak edo propietateak kontuan hartuta, material polimeriko ezin hobeak dira mikrofluidikarako. Izan ere, hitzaldiaren amaieran azpimarratu zuen bezala, “material egokia funtsezkoa da medikuntza-dispositibo eraginkorrak eta kalitatezkoak lortzeko”.

Nazioarteko kongresu honetako azken bi hitzaldiak bi emakume ikerlariren eskutik etorri ziren. Lehena, Leire Etxeberria, Leartikerreko Polimeroen Teknologia espezializazioko ikertzailea eta Materialen eta teknologiaren zientzian doktorea, gailu mikrofluidikoen ekoizpen masiboari buruz mintzatu zen. Masa-ekoizpen batera eramandako prototipo baten adibide bat emateaz gain, Etxeberriak material termoplastikoekin eta horiek ekoizteko injekzio-teknologiekin egindako ikerketak erakutsi zituen. Hala ere, mota horretako ekoizpen batera heltzeko oraindik lan asko egiteko dagoela adierazi zuen, “konektoreak edo dimentsioak erabiltzeko estandarrak falta dira, gailu mikrofluidikoetarako fabrikazio-estrategia estandarrik ez dago eta serieko fabrikazio-metodoak erabiliz bereizmen handiko egiturak lortzeko konplexutasuna handia da masa-ekoizpen optimora iritsi ahal izateko eta arronka hauei aurre egin beharra dago”.

Amaia Cipitria IIS Biodonostiako ikertzailea izan zen hitza hartzen azkena. Cipitriak ibilbide oparoa du bioingeniaritzari eta materialei lotuta, eta, gaur egun, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko "Bioingeniería en Regeneración y Cáncer" ikerketa-taldeko kidea da. Momentu honetan esku artean duen ikerketaren bitartez, zelulaz kanpoko jatorrizko matrizearen eta biomaterial sintetikoen propietate biofisikoek eta biokimikoek erantzun zelularra ehunen birsorkuntzan, minbiziaren latentzian eta hezur-metastasian nola gidatzen duten ulertu nahi du. Aurkezpenean, bere ikerketekin lotutako lau arlotan gauzatutako estrategia batzuk partekatu zituen: ehunak birsortzeko biomaterialak, mikroingurune zelularraren ingeniaritza, minbiziaren latentzia eta hezur-metastasia, eta onkologia klinikoko bioingeniaritza.

 

11 urte gailu medikoei aplikatutako polimeroen ezagutzak partekatzen

Dagoeneko 11 dira jardunaldi honen edizioak, eta polimeroen eta gailu medikoen arloan interesa dutenentzat urteroko hitzordu bilakatu da. Teknologia berriek osasunaren esparruari ekar diezazkioketen aukerak eta berrikuntzak aztertzea du helburu topaketa honek.

Edizio honetan Leartikerrek mikrofluidika aukeratu du gai nagusitzat, fisika, kimika, ingeniaritza eta bioteknologiako ezagutzak biltzen dituen diziplina anitzeko teknologia. José Javier Egurrola Leartikerreko Polimeroen zuzendari teknologikoak bertaratuei ongietorria eman zienean aipatu zuen moduan, “mikrofluidikak osasunaren arlo guztiak hartzen ditu barne, eta, horregatik, medikuekin, fabrikatzaileekin eta ikertzaileekin elkarlanean aritu behar dugu, azken finean, balio-kate osoarekin”. Horretaz jabetuta, nazioarteko topaketa honen 11. edizioa aplikazio mikrofluidikoen balio-katea ordezkatuta egoteko diseinatu zen.

Tanto asistentes como ponentes aprovecharon los momentos de networking para intercambiar ideas, propuestas y posibles proyectos que ojalá resulten en futuras colaboraciones.

Jardunaldira bertaratu ziren profesionalek zein hizlariek networking uneak aprobetxatu zituzten etorkizuneko lankidetza bihurtu daitezkeen ideiak, proposamenak eta proiektuak elkartrukatzeko.

 

Ikusi jardunaldiko laburpen bideoa.

 

 

* Eusko Jaurlaritzako "Ikerbilerak" programaren bitartez diruz lagundutako ekimena.

 

COOKIEEN ERABILERA

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu erabiltzaileen esperientzia ahalik eta onena eskaintzeko.

Jarraitu aurretik, cookie horiekin zer egin erabaki behar duzu. Guztiak onar ditzakezu edo egiten duzun hautaketa gorde.

COOKIE PROPIOAK

Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookie teknikoak erabiltzen ditugu eta cookien ezarpenetarako eta aukeratutako hizkuntzarako zure lehentasunak gordetzen ditugu.

HIRUGARRENEN COOKIEAK

Hirugarrenen guneak erabiltzen ditugu nabigazioa aztertzeko eta txertatutako informazioa erakusteko. Aktibatu nahi dituzun aukerak.

Hirugarrenen cookieak ez onartzeak esan nahi du ez dizugula zenbait eduki erakutsiko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi: Pribatutasun politika