Leartikerrek mikrofluidikari buruzko EUROMBR 2023 nazioarteko udako ikastaroan parte hartu du
Mikrofluidikaren eta ehun-ingeniaritzaren teknologietan azken urteotan izandako aurrerapenei esker, egitura eta ehun konplexuak fabrikatzen dira in vitro saiakuntzetarako, organo bakoitzaren ezaugarri espezifikoak simulatzen dituzten "organ-on-a-chip" (organoa txip baten) izeneko ereduen bidez. Sistema konplexu horiei esker, besteak beste, animalia-ereduak ordeztu daitezke ikerketa medikoetan, eta sendagai edo terapia berriak probatzeko aukera ematen dute, organoak dituen funtzioak txipean imitatuz.
Mikrofluidika eta “organ-on-a-chip” teknologiaren inguruko ezagutza sakontzeko asmoz, Leartikerreko bi ikerlarik, irailaren 11tik 15era, Granadako Unibertsitateak antolatu duen EUROMBR 2023 nazioarteko udako ikastaroan parte hartu dute. Saio teorikoak eta praktikoak uztartuz, gure ikerlariek nazioarteko beste talde batzuk beren ikerketetan lortzen ari diren aurrerapausoak ezagutzeko aukera izan dute. Gailuen mikrofabrikazioa, droplets edo tantaxken sorrera, zelula anitzeko esferoideak edo mikroerreaktoreetako kultibo zelularrak izan dira ikastaroan zehar landu dituzten gaietako batzuk.

Ikastaro horri esker, Leartikerreko mikrofluidika ikerketa-lerroko ikerlariek BILCHIP (Elkartek 2023-2024) eta MetOnChip (CPP 2023-2026) proiektuetan aplikatuko dute ikasitako guztia. Egitasmo hauen helburua, Colangiocarcionoma (behazun-hodietako minbizia) eta bularreko minbiziaren metastasia aztertzeko “Organ-on-a-chip” gailuak sortzea da, hurrenez hurren. Bi proiektuek kartzinoma hauen eredu esperimentalak sortuko dituzte, eskala txikian egindako gailu hauen bitartez beraien fisiologia eta mikroingurunea simulatuko da, gaixotasun hauentzako tratamenduen ikerketak egiteko.
Azken batean, "organ-on-a-chip" ikerketa biomedikoa iraultzeko ahalmena duen teknologia berritzailea da; izan ere, giza-organo eta -ehunen eredu zehatzagoak eta kontrolatuagoak eskaintzen ditu, tratamendu mediko berrien garapena bizkortuz (metodo tradizionalak baino zehatzagoak gainera) eta animaliekin esperimentatzeko beharra murriztuz.