ESNEKI - Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azokaren II. edizioa

2023-11-09

Azaroaren lehen asteburua gazta eta esneki ekoizle nahiz zaleen erreferentziazko tokia izan da Tolosa beste behin, ESNEKI azoka bereziari esker. Tolosako Udalak, Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroak, HAZI-k, Tolomendik, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Leartiker Esneki Zentroak sustatuta, indartsu bueltatu da ESNEKI topaketa bere bigarren edizioan, bere erroak sendotuz eta jendartearen arreta bereganatuz.

Euskal Herrian ekoiztutako gazta eta esneki mota guztiak ezagutzeko eta dastatzeko aukera izan da bi egunez. Ostiralean sektoreko profesionalak elkartu ziren Tolosako Beotibar Pilotalekuan antolatutako kongresuan. Larunbatean berriz, elkarrizketak mokadu bilakatu ziren Tolosako erdigunean ospatu den azoka berezian.

 

85 gazta eta esnekik hartu zuten parte ESNEKI azoka bereziko hitzordu nagusian, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Lehiaketaren bigarren edizioan. Gastronomia munduko eta esne eta gaztagintza sektoreko eragile ezberdinetako 30 lagunek osatu zuten epaimahaia ebazpenerako.

Zortzi kategoriatan banatu da txapelketa hau (gazta freskoak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, ardi-gazta onduak eta jogurtak), eta horietako kategoria bakoitzean, beste bi azpi-kategoria banatu ziren: alde batetik gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin sortutakoena, eta hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena bestetik. Azpi-kategoria bakoitzak izan zuen bere sariduna.

Ondoren, gazta kategoria bakoitzeko irabazleen artetik aukeratu zuen epaimahaiak txapeldunen artean txapelduna. Markina Xemeingo Muniozguren-en ‘LARRUZ AHUNTZ GAZTA’-k jaso zuen Euskal Herriko gazta onenaren sari nagusi hori. Pozik, hunkituta eta berarekin batera gaztak ekoizten dituen Gorka anaiarekin gogoratuz jaso zituen trofeoa, diploma eta txapela Iban Muniozguren-ek: “salmentetan laguntzeaz gain batez ere errekonozimendua egiteko balio du; ahuntz gaztek esnekien artean bere tokia izateko balio izango du”.

 

Azoka bereziaz eta lehiaketez gain, bestelako jarduera interesgarri eta arrakastatsu batzuk ere egin ziren bi egunetan zehar ESNEKIren baitan. Familiei bideratutako esperientzia hezigarriak; Henri Bilé, Alain Torres eta Roberto Ruizek eskainitako “Queso, cultura y gastronomía” hitzaldi eta dastaketa; “Frisoi behiak ileapaindegian” erakustaldia; profesionalei zuzendutako topaketa sektoriala; eta, dastaketak mahaiak, besteak beste. Azken bien kasuan, Leartiker Esneki Zentroak antolatu eta gidatu zituen:

    

Profesionalentzako topaketa eta dastaketa mahaiak

Barikuan, Beotibar Pilotalekuan topaketa sektoriala antolatu zuen Leartiker Esneki Zentroak. Iazko arrakasta ikusita, aurten ere errepikatu beharra zegoen. Gaztaren sektorean emandako erreferentziazko kasu errealak aurkeztu ziren ekitaldian Xuso Mazaira (Airas Moniz, Lugo), Silvia Peláez (Quesos y Besos, Jaén) eta Salvador Maura (Mas d’Eroles, Lleida) gaztagileen eskutik. Ondoren, Natalia Lobetok Casín gaztak berreskuratzeko bere amak, Marigel Álvarezek, egin zuen lana partekatu zuen bertaratuekin eta, atsedenaren ostean, Euskal Herriko gaztandegi ezberdinekin mahainguru interesgarri batetaz gozatzeko aukera egon zen.

Hurrengo egunean, larunbatean, ‘Euskal Herriko Gazta Mahaia’ ekintzaren txanda izan zen, Euskal Herrian ekoiztutako gazta ugari ezagutzeko dastaketa gidatuak, hain zuzen ere. ESNEKIren bi edizioetan Leartiker Esneki Zentroak antolatu dituen tailer hauek izugarrizko arrakasta izaten dute eta, aurten ere, txanda guztietako txartelak aurrez agortu ziren.

Arrakasta

“Arrakasta” hitza erabiliz definitu zuen Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko merkataritza, turismoa eta azoken saileko zinegotziak, ESNEKIren bigarren edizio hau: “Bigarrenez eragile ezberdinen artean elkarlanean antolatutako topaketa hau indartsu dagoela ikusi ahal izan dugu. Sektoreak ere erantzun du, eta Euskal Herriko gazta eta esneki ekoizleen lana balorean jartzea denez ekimen hauen helburuetako bat, emaitzarekin kontentu gaude. Azken, batean, gazta, esnekiak, baita esnea bera ere, gure elikaduraren oinarri dira, eta hala izan dadin, balioan jarri behar dugu. Eta, hori, gozatuz egin badaiteke, are hobeto”, azaldu zuen Agirresarobek.

Leartiker Esneki Zentroak ere bat egiten du adierazpen honekin eta eskerrak eman nahi dizkio ESNEKI, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azokarekin bat egin duzten pertsona guztiei. "Gure inguruan gazta eta esneki aniztasuna gero eta handiagoa eta nabariagoa da, horregatik azoka honen helburua da, esnetik sortutako produktu mota guztiak plazaratzea, hauetaz gozatzea eta esnekigileen lana balioan jartzea".

 

COOKIEEN ERABILERA

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu erabiltzaileen esperientzia ahalik eta onena eskaintzeko.

Jarraitu aurretik, cookie horiekin zer egin erabaki behar duzu. Guztiak onar ditzakezu edo egiten duzun hautaketa gorde.

COOKIE PROPIOAK

Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookie teknikoak erabiltzen ditugu eta cookien ezarpenetarako eta aukeratutako hizkuntzarako zure lehentasunak gordetzen ditugu.

HIRUGARRENEN COOKIEAK

Hirugarrenen guneak erabiltzen ditugu nabigazioa aztertzeko eta txertatutako informazioa erakusteko. Aktibatu nahi dituzun aukerak.

Hirugarrenen cookieak ez onartzeak esan nahi du ez dizugula zenbait eduki erakutsiko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi: Pribatutasun politika