Elastomeroak, elastomero termoplastikoak (TPEs) eta horien aplikazio dinamikoetan interesa duten pertsonak ezagutu eta informazioa trukatzeko foro espezializatua da DYNAeLAST. Leartikerrek bere Garraio Jasangarria espezializazioaren baitan elastomeroen inguruko ikerketari lotutako ibilbide luzea egin du; material berrien formulazioaren ikerketatik hasi eta osagai funtzionalen diseinua eta garapeneraino, horien propietate termomekanikoak (estatikoak, dinamikoak eta epe luzekoak) aurreikusteko karakterizazio- eta simulazio-metodologiak garatuz.
Urriaren bukaeran ospatu zen DYNAeLAST jardunaldian Pierre Furtwengler, Renault Group-eko polimeroetako espezialista teknikoa, izan zen lehena hitza hartzen. “TPE-ak, ibilgailu elektriko eta jasangarrien etorkizuna” aurkezpenaren bitartez Renaulten politika iraunkorrak eta deskarbonizazio konpromisoa izan zituen hizpide lehenik eta, ondoren, ibilgailu elektrikoetan eta erregai-piladun ibilgailuetan TPE materialen erabilerara begira dituzten itxaropenak partekatu zituen.

Jardunaldian parte hartu zuen bigarren aditua Brice Taillet izan zen, METRAVIB Material Testing (ACOEM Taldea) enpresako zuzendari nagusia. Bere hitzaldia analisi mekaniko-dinamikoetan (DMA) eta neke-analisietan duen aplikazioan zentratu zen, eta bibrazioak moteltzeko propietate dinamikoak behar dituzten produktu elastomerikoetan DMAren aplikazioari buruzko kasu praktiko interesgarri batzuk elkarbanatu zituen.
Adituek elkarbanatutako informazioa guztia barneratzeko egindako geldialdiaren ostean, AEBetatik konektatu zen hirugarren hizlaria, Will Mars, ENDURICA enpresaren sortzailea eta presidentea, eta nazioarteko liderra kautxuaren eta elastomeroen neke-mekanikan. Elastomeroen epe luzeko jokaera aurreikusteko, kanal anitzeko karga-seinale baten erabileraren inguruan aritu zen Mars, eta neke-bizitza aurreikusteko estrategia hori automobilaren industrian erabiltzen den osagai elastomeriko baten nola aplikatu ere azaldu zuen.
Azkenik, DYNAeLAST jardunaldiaren bigarren edizioari itxiera emateko, Aizeti Burgoa, elastomeroetan espezializatutako Leartiker zentro teknologikoko ikerlariak hartu zuen hitza. TPV motako termoplastikoetan fabrikatutako piezen azken propietateetan injekzio-prozesuaren parametroek dituzten eraginak kontrolatzea eta aurreikustea ahalbidetzen duten simulazio-estrategiei buruz hitz egin zuen bere aurkezpenean.

Ikusi DYNAeLAST 2023 laburpen bideoa
Espezializazioaren aldeko apustua
2025 Plan Estrategikoaren definizioarekin batera, Leartikerrek Elikagaien Teknologia eta Polimeroen Teknologia, bere bi espezializazioen garapearen aldeko apustu sendoa egin zuen berezitasun eta erreferentzialtasun teknologiko handiagoa lortzeko. Horrela jaio zen 2021ean DYNAeLAST nazioarteko egitasmoa antolatzeko ideia, garraioaren industrian elastomeroen propietate dinamikoen eta aplikazioen inguruko azken aurrerapenak ezagutzeko eta esparru honetan egunean egoteko espazio bat.
Leartiker zentro teknologikoak, BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzako kideak, 2022ko ekainean antolatu zuen nazioarteko ekitaldi honen lehen edizioa, eta bigarren ediziorako youtube bidezko zuzeneko emisioaren aldeko apustua egin du. Hala ere, ez da baztertzen DYNAeLASTen etorkizuneko edizioetan formatu presentzialera itzultzea.