Adituek kolangiokartzinomaren bilakaera eta tratamenduen bilaketa aztertu dute Leartikerren
Kolangiokartzinoma (CCA) edo behazun-minbizia izan zen maiatzaren 24an Leartikerren (Markina-Xemein) egin zen Polymers and Medical Applications jardunaldiaren XII. edizioaren gai nagusia. Maila handiko adituek parte hartu zuten jardunaldi horretan, eta gaixotasun horri buruzko ezagutzak, ikerketak eta aurrerapenak partekatu zituzten bertaratuekin.
CCAak digestio-likidoaren behazuna garraiatzen duten hodi meheetan (behazun-hodiak) sortzen diren tumoreak dira; gibela, behazun-besikula eta heste meharra lotzen dituzten hodiak, hain zuzen ere. Minbizi mota hori oso heterogeneoa mutazio-mailari dagokionez, eta, horregatik, oso konplexua da tratamenduak bilatzea eta horien bilakaera aztertzea.
Tratamenduei, eredu esperimentalei, agente kimioterapeutikoei, organo-on-a-chip gailu mikrofluidikoei eta gaixotasun horren etorkizuneko norabideei buruzko ikerketaz hitz egiteko, jardunaldi espezializatuan izan ziren: Jesús Bañales eta Pedro Rodrigues (Ikerbasque, IIS Biogipuzkoa), Ana Lleo (Humanitas University, Milan), Patricia Aspichueta (UPV/EHU, IIS Biobizkaia), Iván Rivilla (Ikerbasque, DIPC) eta Izar Gorroñogoitia (Leartiker). Núria Campmany, EIT Health Spain-eko lankidetza eta ekosistemaren arduraduna, izan zen beste hizlarietako bat. EIT Health fundazio publiko-pribatua aurkeztu zuen, 120 partner europar baino gehiagorekin, elkarlanean, berrikuntza merkatura erakartzea helburu duen erakundea. Campmanyk, gainera, azelerazio-programa batzuk aurkeztu zituen, proiektuaren ideiatik hasita, eskalatu arte euskarria emanez.
Kolangiokartzinomaren ikerketaren iraultza
Polymers and Medical Applications jardunaldiaren XII. edizioan zerbait frogatu bazen, orain dela 14 urte arte ezer gutxi zekiten gaixotasun horri buruzko ikerketa lan handia egin dela da. CCA gibeleko minbizi bat bezala tratatzen zen, horregatik, gaur egun oraindik ikerlan gutxi eta lan asko dago egiteko.
Hamarkada eskas batean kolangiokartzinomaren ikerketak izan duen iraultza handiari buruz mintzatu zen, Jesus Bañales Biokimikan doktorea, Miguel Servet, Ikerbasque eta CIBERehd ikertzailea eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko Gaixotasun Hepatikoen Taldeko burua – Donostiako Unibertsitate Ospitalea.
CCAren jatorriaren, arrisku-faktoreen, diagnostikoaren, agertoki klinikoen, tratamenduen eta gaixotasun horren ikerketa mugitzen ari den etorkizuneko norabideen mapa osoa eskaini zuen Bañalesek. “2010 urtera arte, CCA diagnostikatzen bazizuten, ez zegoen zer eginik” azpimarratu zuen, “baina, denbora gutxian, jardunaldi honetako parte-hartzaile askok parte hartu dugun ikerketa handi bati esker, OMEri helarazi zaion ezagutza lortu dugu”. Azken hamarkadan hainbat ikerketa egin ondoren, pazienteen eta gaixotasunaren ereduak garatzea lortu da, ebidentzia eta tratamendu gehiago egon daitezen, eta, ondorioz, tratamendu onkologikoen kopurua eta biziraupena handitu da.
Abian diren ikerketak: tratamendu berriak eta eredu esperimentalak
CCAren jatorria eta egungo egoera kokatzeko baliagarria izan zen hasiera eman ondoren, gainerako aurkezpenetan eredu esperimentalei eta tratamenduei buruzko informazio gehiago eman zuten. Adibidez, Pedro Rodrigues, Farmazian doktoreak, Ikerbasque ikertzaileak eta Miguel Servet IIS Biogipuzkoako Gaixotasun Hepatikoen taldeko Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen arloko ikertzaileak, kolangiocarcinoma aztertzeko lan egin duten eredu esperimental batzuen alde onak eta txarrak aurkeztu zituen: 2D eta 3Dko giza zelulak edo animaliak hazteko in vitro ereduak, biopsietatik lortutako lagin errealak erabiltzen diren ex vivo eredu esperimentalak, eta, saguak erabiltzen diren in vivo eredu esperimentalak, besteak beste.
Bertaratutakoak bat etorri ziren azken urteetan gaixotasun horri buruzko ikerketan egindako ahalegin handian, eta horren adierazle da, hamarkada eskas batean jaso ahal izan diren eredu eta datu kopurua. Rodriguesek, bestalde, denbora eta dirua bezalako aldagaiak direla eta, eredu egokia aurkitzea oso konplexua dela azpimarratu zuen: modelo batzuekin denbora asko behar da egiten diren proben emaitzak ikusi ahal izateko, eta beste kasu batzuetan, prozesua oso garestia delako. Bere hitzetan, “ez dago eredu perfekturik, eta onena eredu desberdinak konbinatzea da, emaitza egokienak bilatzeko”.
Metabolismoa izan zen jardunaldian landu zen beste alderdietako bat, Patricia Aspichuetaren eskutik, irakasle osoa eta ikertzailea UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean eta Biobizkaia Health Research Institut-en. CCAetan maila metabolikoa beste tumore batzuetan aurki daitekeenaren oso desberdina da, eta, tumore horren metabolismoaren aminoazidoen, lipidoen eta karbohidratoen ikerketatik abiatuta, gehien ugaltzen diren zelula kantzerigenoak gantz-azido gehien atzematen dutenak direla jakitea lortu dute. Izan ere, zelula mota horien substratu gogokoena izanik, tumorea elikatzen duten ibilbideak sortzen baitituzte. Informazio horrekin, Aspichueta eta bere taldea ibilbide metaboliko horiek blokeatu ditzaketen sendagai batzuk ikertzen ari dira, baita zelula kantzerigeno horiek elikatzen ez dituzten dieta mediterraneoen aldagaiak ere. Hala ere, hori guztia azterketa prozesuan aurkitzen da, eta oraindik ez dago froga nahikorik horrelako dietek CCAri aurre egiten lagun diezaioketela egiaztatzeko.
Jardunaldiko beste hizlarietako bat, Ivan Rivilla izan zen, Ikerbasque Research Associate, DIPC - Donostia International Physics Center-en. Bere aurkezpenean platinozko konplexuan oinarritutako kimioterapia-eragile berriak izan zituen mintzagai. Zisplatinoa da tratamenduetan gehien erabiltzen den agente kimioterapeutikoa, eta edozein minbizi mota duten pertsonen % 60 konposatu horretatik eratorritako substantziekin tratatzen dira. Hala ere, Rivillak eta bere taldeak Aurki izeneko molekula-konposatu batzuk diseinatu dituzte, zisplatinoaren helburu berdina dutenak: tumore-zelulen ugalketa eragozteko DNA haustea. Aurkik, ordea, DNAren bi kateak apurtzen ditu, erreplikazioa saihestuz. Tratamendu selektibo hau tumore-zelulen hausturan kontzentratzen da, eta ez zelula osasuntsuetan, hori baita zisplatinoaren arazo handienetako bat.
Orain arte egindako ikerketek frogatu dute Aurkik, zisplatinoarekin alderatuta, kalte handiagoa eragiten duela DNAn, zisplatinoarekiko erresistenteak diren CCA zelulen heriotza eragiten duela, eta CCA tumorearen hazkundea geldiarazten duela. Emaitza hauek Irene Olaizolak aurkeztu zituen, Rivillaren taldeko kidea eta emaitza oso emakorrak lortu dituen molekula-konposatuei buruzko tesia egin duena.
“Hemendik aurrera, Aurki konposatuak immunoterapiarekin konbinatu nahi ditugu”, azaldu zuen Olaizolak, kolangiokartzinomari aurre egiteko terapia posible gisa eskaintzen dituen emaitzak ikusi nahi dituzte.
Minbizia txip batean
Jardunaldiaren azken zatia organo-on-a-chip gailu mikrofluidikoetan zentratu zen. Teknologia mikrofluidikoan egindako aurrerapenak biologia molekularra iraultzen ari dira, gailu horien garapenak organismoaren 3D ingurune konplexu eta dinamikoak erreproduzitzeko aukera ematen baitu, ehun biziaren egitura, funtzioa eta ezaugarri mekanikoak zehaztasunez islatuz.
Gailu horiei buruz eta kolangiokartzinomaren azterketari egin diezaioketen ekarpenari buruz hitz egiteko, Leartikerrera hurbildu zen Ana Lleo, Milango Humanitas Unibertsitateko Barne Medikuntzako katedraduna eta Kolangiokartzinomaren Ikerketarako Europako Sareko kidea. Lleok egin zuen aurkezpenean, paziente beraren laginekin egindako bi azterlanen emaitzak erakutsi zizkien bertaratutakoei. Azterketa horiek bere lantaldearekin batera egin ditu kolangiokartzinoma ikertzen duten laborategian. Ikerketa-lan horretatik ateratako ondorioek erakusten dute CCA-on-chip gailuek 3D plataforma fidagarri bat ematen dutela CCAren erresistentzia farmakologikoaren azpian dauden mekanismo biologikoak argitzeko eta immune-zelula interakzioaren azterketak egiteko.
Bestalde, Izar Gorroñogotia, Leartiker Polimeroen Teknologiaren Osasuna espezializazioko ikertzailea, organ-on-a-chip gailuen oinarrizko kontzeptuei eta gailu mikrofluidiko horietarako hidrogelen erabilerari buruz mintzatu zen. Leartikerren egindako azterketetatik ateratako ondorioek erakusten dutenez, hidrogelak hautagai onak dira zelulaz kanpoko matrizea (MEC) mimetizatzeko, hiru dimentsioko sare honek organismoko organo eta ehunak osatuko dituzten zelulen euskarri gisa balio baitu. Hala ere, Gorroñogotiaren hitzetan, ”oso garrantzitsua da hidrogel horien propietateak kontrolatzea, portaera zelularrean eragina dutelako”. Aurkezpenean, hidrogelak integratzen dituzten zenbait adibide erakutsi zituen, gibela-txip-batean (liver-on-a-chip) eta tumorea-txip-batean (tumor-on-a-chip) gailuetan.
BILCHIP proiektua
Behazuna-txip-batean minbizi-eredu bat garatzeko proiektu zuzentzen ari da Leartiker, Polimeroen Teknologiaren Osasuna espezializazioaren baitan. Egitasmoaren helburua minbizi-mota horren biologia aztertu eta CCAren aurkako terapia berriak probatzea da. BILCHIP* izena duen ekimen hau diziplina anitzeko partzuergok osatzen du: Biogipuzkoa Osasun Institutua, Biobizkaia Osasun Institutua, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Donostia International Physics Center (DIPC) eta Leartiker zentro teknologikoa. Horiek guztiek hizlari gisa parte hartu zuten aurten hamabi edizio bete dituen jardunaldi espezializatu honetan, eta kolangiokartzinomarentzat emaitza itxaropentsuak lortzea espero duten proiektu honen garapenean jarri dituzten helburuez eta itxaropenez ere hitz egin zuten.
BILCHIP kolangiokartzinoma edo behazun-minbizia aztertzeko proiektua da. Ekimen honen helburua hainbat erakunde eta profesionalen (kimikoak, fisikoak, biokimikoak, medikoak eta zientifiko-teknologikoak) esperientzia bateratzea da, sistema berri bat sortzeko, txip-eredu bat, tumorearen biologia aztertu eta Euskal Autonomia Erkidegoko partzuergo batean sortutako farmako berrien erantzuna ikusteko aukera emango duena. Ikerketa aitzindari hori funtsezkoa izan daiteke beste minbizi solido mota batzuentzat ere, proiektu honekin sortzen den ezagutzari etekina atera diezaioketelako eta, horrela, beren biologia propioa eta medikamentuei emandako erantzuna azter ditzaketelako.
* BILCHIP proiektua Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak finantzatzen du ELKARTEK programaren 2023ko deialdian (KK-2023/00099 espediente-zenbakia).
ikusi jardunaldiko laburpen-bideoa