Aurrerapenak bioingeniaritzan: medikuntza pertsonalizatua eraldatzen duten hidrogelak eta mikrogelak
Duela gutxi hainbat ikerketek erakutsi dutenez, organoei eta ehunei eragiten dieten gaixotasunen aurkako alternatiba eraginkorragoak bilatu beharra dago, hori dela eta, Leartikerrek hidrogel motako 3D plataforma berritzaileen sorta bat garatu du, terapia aurreratuen eremuan biomolekula aktiboak enkapsulatzeko. Hidrogel horiek egokiak dira euskarri injektagarri gisa, eta, horri esker, zuzenean eman daitezke, modu ez hain inbaditzailean.
Testuinguru horretan, Leartiker Polimeroen Teknologiako Osasuna espezializazioaren barruan egindako ikerketa-proiektuaren ardatza da zelula-osagaiak enkapsularatzeko gai diren sistema polimerikoen sorkuntzan oinarritutako estrategiak garatzea, zelulaz kanpoko matrizearen antzeko ingurunea sortuz; hau da, gorputzeko zelulen ingurune naturala.

Ikerketaren barruan, bereziki nabarmentzekoa da core-shell egitura duten mikrogelen garapena, koestrusio-teknologiaren bidez eta hainbat biomaterial konbinatuz. Horien helburua da tratamendu bakoitzaren beharretara egokitzen diren ezaugarri modulagarriak dituzten produktuak lortzea. Horregatik, garatutako sistemek aldakortasun handia dute egiturari dagokionez; 3D kultibo-sistema gisa balio dezaten eta, aldi berean, bi geruzako diseinuari esker liberazio kontrolatua ahalbidetu dezaten. Gainera, core-shell egiturak babesa eskaintzen du injekzio-unean, eta zelulen biziraupena bermatzen du epe luzera. Leartikerren in vitro egindako saiakuntzek sistema horien eraginkortasuna frogatu dute R6G konposatua botika-eredu gisa erabiliz, eta bereziki azpimarragarria da biomolekula-polimero interakzioa aztertzearen garrantzia terapia aurreratuetarako 3D sistemen garapenean.

Leartikerren Osasun espezializazioan, terapia aurreratuetan oinarritutako alternatibak aztertzen ari gara, eta hidrogelak tratamendu ez-inbaditzaile eta pertsonalizatuetarako giltzarri dira.