Diagnostiko medikoko gailuak eskala handian ekoizteko soluzioak
Aplikazio biomedikoetan mikrogailuekiko interesa areagotzen doan testuinguru honetan, Leartikerrek LAMIPoC - LAser Assisted MIcrofabrication of POC diagnostic microfluidic devices (POC diagnostikoko gailu mikrofluidikoen laser bidezko mikrofabrikazioa) proiektuari ekin zion 2023ko martxoan, gailu mikrofluidikoak masan ekoizteko aukera azkarrago eta merkeago bat identifikatzeko helburuarekin.
Leartiker buru duen ekimen hau ALPhANOVekin (Bordele) –optika eta laserren Frantziako zentro teknologikoa– eta OFS plasticekin (Nafarroa) –plastiko eta silikona likidoa injektatzeko soluzioetan espezialistak– lankidetzan garatu da, eta Euroeskualdearen finantziazioa izan du: Akitania-Euskadi-Nafarroa, 2022ko Euroeskualdeko Berrikuntza deialdiaren barruan, mugaz gaindiko osasun proiektuetarako.
Laser bidez ekoiztutako egitura mikrofluidikoa.
Ikerketak iraun duen urtean zehar, ohiko prozesuen alternatiba gisa aurkeztu den laser ultraazkarraren bidezko mikrofabrikazioaren kostu/eraginkortasun analisia egin aurretik beste hainbat prozedura gauzatu dira. Alde batetik, aplikazio mikrofluidikoetarako laser eta injekzio bidezko moldekatze teknologien eskakizunak definitu dira, eta, bestetik, diagnostiko-gailuetan egon ohi diren egitura mikrofluidikoak diseinatu, ezaugarritu eta fabrikatu dira.
Kostu-eraginkortasunaren azterketak frogatu du laser femtosegundoaren teknologia potentzial handiko alternatiba dela gailu mikrofluidikoak masan fabrikatzeko, fabrikazio-denborak eta -kostuak nabarmen murriztu baitira ohiko teknikekin alderatuta. Era berean, teknologia berdina baliatuz, posible da amaierako pieza polimerikoetan funtzionalizatutako gainazalak sortzea post-prozesatu beharrik gabe, kasu honetan ere fabrikazio-kostuak murriztuz eta prozesuaren jasangarritasuna hobetuz.
Laser bidez ekoiztutako eta injektatutako gailu mikrofluidikoa.
Gailu mikrofluidikoak
Aplikazio biomedikoetan mikrogailuekiko interesak gorakada handia egin du azken hogeita hamar urteetan. Garatutako teknologia berriak gero eta txikiagoak eta adimentsuagoak izaten ari dira, eta, aldi berean, kostu txikiko eta doitasun handiko ekoizpena bilatzen da.
Mikrofluidika diziplina anitzeko teknologia da, eta fisika, kimika, ingeniaritza eta bioteknologiako ezagutzak biltzen ditu. Zientziaren arlo honek fluidoek mikroeskalan duten portaera aztertzen du, fluido kantitate txikiak erabiltzen dituzten osagaiak diseinatzeko aukera emanez, eta, modu horretan, haien manipulazioa sinplifikatuz. Gailuen miniaturizazioak, besteak beste, gaixotasunak goiz detektatzeko teknologiak garatzea, terapia pertsonalizatuetara zuzendutako zelulak manipulatzea edo lagin biologikoak zehaztasun eta eraginkortasun handiagoz aztertzea ahalbidetzen du.
EBren eta GJHen lehentasun estrategikoekin bat datorren proiektua
Ildo horretan, diagnostiko medikoko gailuak eskala handian ekoizteko soluzioa garatzea industria adimendunaren eta osasun pertsonalizatuaren alorrean, EBk ezarritako eta Euskadiko PCTI2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean aurreikusitako lehentasun estrategikoekin bat dator. Esparru horretan, Leartiker eragile aditua da diagnostiko azkarreko eta medikuntza birsortzaileko arloei lotutako materialetan eta prozesuetan, eta bere ezagutza zientifikoa eskaintzen die bai ospitaleei, bai osasunaren arloko enpresei, haiekin lankidetzan arituz ezagutza eta produktu berriak sortzeko, inguruko osasun-sektorea dinamizatzeko.
Gainera, lortutako emaitzak bat datoz Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH); zehazki, 3. helburuarekin (Osasuna eta ongizatea): azterketa honek pazienteen arreta puntuan bertan (PoC - Point of Care) burutu daitezkeen diagnostiko probetarako gailuak industrialki eskalatzen eta merkaturatzen laguntzen du.