TICS-BONITO, berrikuntza hegaluze-arrantza jasangarriago baterako
TICS-BONITO proiektuan Leartiker zentro teknologikoak (Markina-Xemein, Bizkaia) eta Vigoko Unibertsitateko Escola de Enxeñeiros Industriais-eko Enxeñeria Eficiente e Dixital (EN.EDI) ikerketa taldeak parte hartzen dute. Leartiker buru dela, hegaluzearen eta tunidoen arrantzan berrikuntza teknologikoa lantzea proposatzen da, espeziea bera eta, oro har, ingurumena errespetatzen duten arrantza-tresna jasangarriak babestuz, arrantza-prozesuen eraginkortasunean lagunduko duten proposamen teknologikoen bidez.
Hegaluzearen eta beste tunido batzuen arrantza prozedura ezberdinen bidez burutzen da. Kostaldean zehar ontzi txikiagoetan egiten den arrantzatik hasi eta mundu osoko kaletan egiten den arrantza intentsiboraino. Arrantzaren intentsitatea, teknika edo lekua alde batera utzita, arrantzaren jasangarritasuna eta ingurumen-biodibertsitatearekiko eta gainerako espezieekiko errespetua armadoreen lehentasunetako bat da gaur egun. Oinarri horretatik abiatuta, hegaluzearen kostako arrantza-aparailuen eta alturako inguraketa-arrantzaren funtzionaltasuna eta jasangarritasuna hobetzeko urratsak proposatzen ditu proiektuak.
Ekimen hau Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Fundación Biodiversidad-ek bultzatutako eta Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsak kofinantzatutako PLEAMAR programaren baitan kokatzen da. Berrikuntza eta ingurumenaren babesaren bidez arrantza- eta akuikultura-sektoreetan jasangarritasuna sustatzeko helburuarekin, programa hau hainbat ardatzetan banatzen da, eta TICS-BONITO proiektuak horietako lehenengoan jartzen du arreta: Eje1: Interakzioak eta inpaktuak. Arrantzak itsas ingurunean duen eragina murriztea. Arrantza-jardueretan ezagutza berriak (teknikoak, zientifikoak eta antolamenduzkoak) garatzea edo txertatzea du helburu, ingurumenean dituzten ondorio negatiboak murrizteko edo ezabatzeko.
Getaria (Gipuzkoa)
TICS-BONITO proiektuaren helburuak eta jarduerak
TICS-BONITO proiektuaren helburu nagusia hegaluzearen eta tunidoen arrantza-sektoreari kostaldeko eta alturako arrantza-tekniken inguruko proposamenak garatzen laguntzea da. Hori lortzeko, proiektuak bi lan-ildo ditu ardatz. Alturako arrantzan, arrainak kontzentratzeko gailuen (DCP) biodegradagarritasuna landuko da. Gailu horiek eragin negatiboa izan dezakete itsas ingurunean, material plastiko iraunkorrez eginda daudelako. Proiektuaren helburua da sarean katigatzea saihesten duten material biodegradagarrietan oinarritutako gailuak garatzea, modulagarriak eta sentsorizatuak izan daitezen.
Kostako arrantzari dagokionez, gaur egun beita bizidun kanabera-modalitatean eta karrete edo kakea-modalitatean erabiltzen diren teknikak zehatz-mehatz aztertzea proposatzen du proiektuak, laguntza automatizatuak eta soluzio digitalak proposatzeko: ontzigaineko egungo metodologia babestu eta osagarri izateko, eta garrantzitsutzat jotzen diren parametroen monitorizazioa errazteko.
Helburu horiek lortzeko, proiektuaren arduradunek funtsezkotzat jotzen dute arrantza-sektorearekin lankidetzan aritzea, proiektuaren baldintza teknikoak zehazteko beraien ezagutzak eta beharrak helaraz ditzaten, horrela, proposatutako irtenbide teknologikoak sektorearen errealitatera egokitzen direla ziurtatuz. Hori dela eta, proiektuaren arduradunek bilerak egin dituzte kofradiekin, armadoreekin eta makineria garatzen dutenekin sektorearen errealitatea ezagutzeko, eta hori izango da etorkizuneko proposamenen abiapuntua.
TICS-BONITO egitasmoak, gainera, proiektuan lortzen diren emaitzak komunitate zientifikora, azken erabiltzaileetara eta, oro har, gizartera iristen direla ziurtatu nahi du. Horregatik, arduradunek ahalegin berezia egingo dute proiektua zabaltzeko, aldizkari zientifikoetan argitalpenak eginez, ekitaldi ezberdinetan aurkeztuz eta dibulgazio-materiala sortuz.
Kick off meeting
Proiektuaren aurkezpena eta difusioa
Proiektua Polimero eta Oinarri Biologikoko Konpositeei buruzko BiPoCo 2024 konferentzian aurkeztu zen (irailak 2-5), Esztergom hirian, Hungarian. Ekoizpen jasangarriaren eta biopolimeroen aplikazioaren egungo joeretan eta biomasan oinarritutako balio-kateetan duten rolean zentratzen den ekitaldia. Blanca Lekubek, proiektuaren arduradunak eta Leartikerreko ikertzaileak, zuzendu zuen hitzaldiaren saioetako bat, eta poster zientifiko batekin aurkeztu zuen proiektua.
TICS-BONITO egitasmoak, gainera, proiektuan lortzen diren emaitzak komunitate zientifikora, azken erabiltzaileetara eta, oro har, gizartera iristen direla ziurtatu nahi du. Horregatik, arduradunek ahalegin berezia egingo dute proiektua zabaltzeko, aldizkari zientifikoetan argitalpenak eginez, ekitaldi ezberdinetan aurkeztuz eta dibulgazio-materiala sortuz.
Leartiker eta Vigoko Unibertsitateari buruz
Leartikerren eta EN.EDI taldearen arteko lankidetza funtsezkoa izango da ekimen honen oinarri diren teknologia berritzaile horiek garatzeko. Lankidetza hori ez da berria; izan ere, bi erakundeek 2015ean ekin zioten elkarlanari Europako CircularSeas proiektuaren baitan (2019-2023).
Leartiker material polimerikoetan eta teknologia aurreratuetan espezializatutako zentro teknologikoa da, Mondragon Taldeko eta Basque Research Technology Alliance – BRTA aliantzako kidea, eta Vigoko Unibertsitateko EN.EDI ikerketa-taldeak automatizazio, digitalizazio eta robotikako ingeniaritzan duen esperientzia eskaintzen du. Elkarrekin, bi erakunde hauek arrantza sektoreko berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin konprometituta daude.
Leartiker zentro teknologikoa material biodegradagarrien garapenaz, arrainak kontzentratzeko gailuen diseinuaz eta proiektuaren koordinazioaz arduratuko da. Bitartean, Vigoko Unibertsitateko EN.EDI taldea automatizazio- eta digitalizazio-jarduerak garatzeaz arduratuko da.
Urriaren amaieran egin zen aurrez aurreko lehen bilera Leartikerren (Markina-Xemein) eta bertan izan zen Vigoko Unibertsitateko Julio Garrido proiektuaren arduraduna. Hurrengo bilera otsailean egingo da, Vigon.
Proiektu hau Fundación Biodiversidad eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren lankidetzarekin garatzen da, PLEAMAR Programaren baitan, eta Europar Batasunak finantzatzen du FEMPAren bidez (Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsa).