LEVIS H2020 proiektuak material arin aurreratuek ingurumen, ekonomia eta teknologia alorretan abantaila garrantzitsuak eskaintzen dituztela frogatu du
Arintasuna ezinbesteko ezaugarria da automobilgintzako aplikazioetan, oro har, eta bereziki ibilgailu elektrikoetan, ibilgailuaren eraginkortasuna hobetzen laguntzen baitu, km-ko kontsumitutako kWh-ari eta ibilgailuaren autonomiari dagokienez. Pisua murrizteak ibilgailu elektrikoen merkatua azkarrago haztea ekarriko du (barne-errekuntzako motordun ibilgailu tradizionalen ordezko gisa), eta horrek, azken batean, 2050erako berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko helburua lortzen lagunduko du.
Ildo horretan, Leartiker zentro teknologikoa LEVIS Green Vehicles ekimenean murgilduta egon da lau urtez, Europar Batasunaren Horizonte 2020 proiektua. Bere helburua zutabe teknologikoak garatzea izan da, industriei etorkizuneko ibilgailu elektrikoen osagai arin, errentagarri eta jasangarriak diseinatu eta ekoizteko aukera emango dietenak. 2021eko otsailean abiatu zen proiektua emaitza bikainekin amaitu berri da.
Diseinu-fasetik bizitza baliagarriaren amaieraraino doan ekodiseinu zirkularreko kontzeptua oinarri hartuta, LEVISek, ibilgailu elektrikoetarako osagai eta egitura arinak garatu, egiaztatu eta frogatu ditu: iraunkorragoak, lehengaien erabilera hobea egiten dutenak, eraginkortasun energetikoa eta kostuen efizientzia hobea dutenak eta pisu txikiagokoak. Guzti hori, egituraren osotasun eta fidagarritasun handiarekin. Ekimen honen emaitzak zuntzez indartutako eta metalekin integratutako konposatu termoplastikoen material anitzeko soluzioak erabiltzean oinarritu dira, fabrikazio-teknologia errentagarri eta eskalagarrien bidez ekoiztutakoak. Aipatutako onura eta soluzioen lehiakortasuna agerian geratu da sortu diren hiru demostratzaileren bidez: esekidura kontrolatzeko beso bat, bateriei eusteko kutxa bat eta automobilaren zeharkako habe bat.
Bideoa LEVIS project
Pisuaren batez besteko % 33ko murrizketa eta % 85eko birziklatze-tasa
Material jasangarri berriak, fabrikazio- eta muntaia-prozedura egokituak, simulazioko metodologia eta lan-fluxu aurreratuak, eta detekzio- eta kontrol-teknologia berritzaileak garatu, aplikatu eta baliozkotu dira. Erretxina birziklagarriak eta jatorri biologikoa nahiz birziklatua duten karbono-zuntzak garatu eta erabili dira, , jasangarritasuna hobetzeko. Egitura-piezak eraikitzeko diseinu-ikuspegi zirkularra hartu da, haien balio-bizitza maximizatzeko eta desmuntatze erraz, eraginkor eta efizientea ahalbidetzeko, bai eta materialak bigarren erabilerarako kalitate nahikoarekin berreskuratzeko ere.
Ahalegin horiei esker, pisuaren batez besteko murrizketa % 33koa izan da, eta one-shot produkzio-teknika berritzaileak sartu dira (urrats bakarreko prozesua), kostuak murrizteko eta eraginkortasuna hobetzeko. Ingurumenaren ikuspegitik, proiektuak ekodiseinuaren oinarriek gidatutako estrategiak aplikatu zituen, produktuaren bizitzako fase guztietan ingurumen-inpaktua minimizatzeko. Besteak beste, material anitzeko osagaietan % 85 birziklatzea lortu da, eta osagaien mailan berotze globalaren potentziala gutxienez % 23 murriztea, ohiko erreferentzia-balioekin alderatuta.
Ikuspegi ekonomikotik, LEVIS teknologiek aplikagarritasun handia erakutsi dute merkatuan, txasisaren eta ibilgailuen karrozeriaren osagaien % 60 baino gehiagora egokitzeko potentzialarekin, eta horrek onura garrantzitsuak iradokitzen ditu industria osoarentzat.
LEVISen Liburu Zuriaren argitalpena
LEVIS proiektuak bere liburu zuria ere argitaratu du, , “Advancing Lightweight Materials for Sustainable Electric Vehicles: Policy Recommendations from the LEVIS Project”, ibilgailu elektriko jasangarrien ekoizpenean material arin aurreratuen integrazioa bizkortzeko gomendio politikoak ematen dituen dokumentua.
LEVIS proiektuaren arrakastetan eta ezagutzetan oinarrituta, material arin aurreratuek eskaintzen dituzten ingurumen-, ekonomia- eta teknologia-abantaila garrantzitsuak nabarmentzen ditu liburu zuriak. Bertan, zailtasun nagusiak aipatzen dira, hala nola, kostu handiak, hutsune teknologikoak eta merkatuaren erresistentzia. Dokumentuak babes politiko integralaren alde egiten du, finantza-pizgarriak, I+Gren finantzaketa handiagoa eta arau-aldaketa estrategikoak barne hartuko dituenak, trantsizio kritiko hori errazteko.
Leartiker LEVIS proiektuan
Leartikerrek hiru demostratzaileetako baten garapenaren ardura izan du, bateriei eusteko kaxan, baina TOFASekin eta AIMEN zentro teknologikoarekin batera, beste demostratzaile bat garatzen ere lagundu du, automobilaren zeharkako habean dagoen direkzio-zutabearen euskarria.
Bateriei eusteko modulua konexio-plaka eta monitorizazioa integratzen dituen polimero birziklatuko egitura batean oinarritutako osagai bat da, bateriak behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko. Azpiosagai hori garatzeko, Leartikerrek Mersen Electrical Power, CEA-Liten eta Privé (Progettazione Ricerca Ingegnerizzazione Veicoli Elettrici) proiektuko bazkideekin batera lan egin du, eta, MERSEN eta CEA bazkideekin gainera, moduluaren karkasaren muntaia egin du gainerako osagaiekin (konexio-barra, eta plakarekin eta monitorizazio-sentsoreekin), eta baita amaierako balidazioa ere.
Bateria-modulua. Konexio-barrak eta plaka injekzio bidez moldeatutako material konposatu termoplastikoaren karkasarekin integratzea.
Erabilitako teknologiak: prozesuen eta egituren simulazioak eta optimizazioa, simulazio termoelektrikoak, zelula-mailan sartutako funtzio fusibleak, inprimaketa-teknologiak, sentsoreen integrazioa eta tenperatura eta tentsioa kontrolatzeko sistemak, material birziklagarriak.
Direkzio-zutabearen euskarria. Automobilaren zeharkako habean integratzea.
Erabilitako teknologiak: prozesuen eta egituren simulazioa eta optimizazioa, karbono-zuntz birziklatuak, urrats bakarreko prozesua, laser bidezko gainazaleko tratamendua, material birziklagarriak.
Informazio gehiago: https://greenvehicles-levis.eu/
__________
#GreenvehiclesLEVIS patzuergoa:
ITAINNOVA · Instituto Tecnológico de Aragón
Marelli
Mersen | Electrical Power
Privé S.r.l. - Production Research Industrialization Vehicle Electric
Yesilova Group
TOFAS
AIMEN Centro Tecnológico
CANOE - Le Centre Technologique Nouvelle Aquitaine Composites & Matériaux Avancés
RISE Research Institutes of Sweden
CEA-Liten
Cenex Nederland
Steinbeis Europa Zentrum
Leartiker