Mikrofluidika izan da Polymers and Medical Applications jardunaldiaren XIII. edizioko protagonista
Joan den maiatzaren 16an, Leartikerrek Polymers and Medical Applications urteroko ekitaldiaren hitzordu berri bat antolatu zuen Markina-Xemeingo (Bizkaia) instalazioetan. Ekitaldi horrek mikrofluidika izan zuen ardatz, fisika, kimika, ingeniaritza eta bioteknologiari buruzko ezagutzak biltzen dituen diziplina anitzeko teknologia. Teknologia horrek fluidoek mikroeskalan duten portaera aztertzen du, eta fluido kantitate txikiak erabiltzen dituzten osagaiak diseinatzeko aukera ematen du, haien manipulazioa sinplifikatzeko.
Jardunaldi honen hamahirugarren edizioak mikrofluidikaren hainbat alderdi jorratu zituen, hala nola Point-of-Care eta Organ-a-Chip gailu mikrofluidikoak, horien garapenerako biomaterialak eta fabrikaziorako erabiltzen diren teknologiak, bai eta parametro biologikoak detektatzeko sentsoreen garapena ere; horretarako, teknologia horiei buruzko azken berrikuntzak ezagutzeko eta hitz egiteko gune bat sortu zen.

Euskadiko osasun sektorearen I+G+B panorama
Jardunaldia goizeko 9etan hasi zen, Jose Javier Egurrola Leartiker Tecnología de Polimeros espezializazioko zuzendari zientifiko-teknologikoaren eskutik. Jarraian, María Aguirre, SPRIko Osasun eta Trantsizio Soziosanitarioko arduradunak hartu zuen hitza, eta EAEko osasunaren sektorearen bilakaera azaldu zuen, azken bi hamarkadetan izandako hazkunde iraunkorra nabarmenduz.
Aguirrek bilakaera horren datu batzuk partekatu zituen: 2000. urtean 17 enpresa biosanitario zeuden erregistratuta, eta 2024an 300 baino gehiago ziren; 400 erakunde baino gehiago biltzen dituen ekosistema bat garatu da, 61.000 enplegu baino gehiagorekin eta 9.300 milioi eurotik gorako fakturazioarekin. Aguirrek adierazi zuenez, garapen hori hainbat ekimen instituzionalek babestu dute, hala nola BioBasque 2010 estrategiak, 2020 eta 2023 ZTBP planek, RIS3 Euskadi estrategiak eta Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiak (2016–2020 eta 2022–2025). XIII. Legegintzaldiari lotuta abian dauden planak ere errepasatu zituen, osasuna lurraldeko politika industrial eta teknologikoan integratu nahi dutenak, “Industria Adimenduna” edo 2025-2028 Industria Plan Estrategikoa bezalako programen bidez.

Medikuntza pertsonalizatuari aplikatutako in vitro 3D ereduak, plataforma mikrofluidiko sentsorizatuak eta horien ekoizpen masiboa
Mikrofluidikori, sentsorikari eta eskala handiko fabrikazioari lotutako materialen, plataformen eta teknologien garapenei buruz hitz egiteko, Joaquim Miguel Oliveira, 3Bs – Biomaterial, Biodegradables and Biomimetics Research Group erakundeko ikertzaile nagusiak, Ana Miriam Pareja, Granadako Unibertsitateko Nanoelektronika, Grafeno eta 2D Materialen Laborategiko ikertzaile nagusiak eta, Irene Varela, Leartikerreko mikrofluidika arloko ikerlari eta doktoregaiak hartu zuten hitza.
Oliveirak hartu zuen hitza hurrena, eta "lab-on-a-chip" motako gailuetan integratutako in vitro eredu tridimentsionalak fabrikatzeko biomaterial malguen garapenean egindako berrikuntza batzuk aurkeztu zituen. Teknologia horrek minbizia eta beste gaixotasun konplexu batzuk aztertzeko funtsezko ingurune biologikoak emulatzeko aukera ematen du. Aurkezpenean, Oliveirak hidrogelekin eta biotintekin egindako ikerketa batzuk erakutsi zituen, zelulaz kanpoko matrizea (ECM) imitatzeko diseinatuak, funtsezkoak baitira bioinprimaketan eta medikuntza pertsonalizatuko aplikazioetarako sistema erreproduzigarriak sortzeko.

Ondoren, Ana Miriam Parejak parametro biologikoak detektatzeko plataforma mikrofluidiko sentsorizatuen garapenaz hitz egin zuen. Bakterio erresistenteen arazoa gero eta ohikoagoa izanik eta antibiotikoekiko erresistentzia ere handituz doala ikusirik, detekzio goiztiarra eta, ondorioz, esku-hartze azkarragoa egitea funtsezkoa da. Aspektu horretan, biosentsoreek parametro biologikoen detekzio goiztiarrean funtsezko tresna gisa duten garrantzia azpimarratu nahi izan zuen Parejak. Plataforma eramangarri edo mikrofluidikoetan duten sentsibilitateari eta integratzeko gaitasunari esker, biosentsoreek patogenoen eta biomarkatzaileen presentzia zehaztasun handiz eta denbora errealean identifikatzeko aukera ematen dute.
Aurkezpenean, Miriam Parejak mikrotxipekin egindako ikerketa batzuk erakutsi zituen. Ikerketa horietan, biosentsore miniaturizatuak fabrikatu ziren pH-a detektatzeko, eta 3D tumore eredu bat sortu zen, gailu mikrofluidikoaren barruan metastasiarentzat garrantzitsuak diren baldintza hemodinamikoak birsortuz, baieztatutako bideragarritasun zelularrarekin.

Jardunaldian gailu mikrofluidikoen masa-ekoizpenari buruz ere hitz egin zen. Irene Varelak laser femtosegundo teknologiak aplikazio biomedikoetara bideratutako olefina ziklikoko kopolimeroz (COC) fabrikatutako gailu mikrofluidikoak masan ekoizteko soluzio eraginkor eta moldakor gisa duen ahalmenaren inguruko analisi zehatz bat aurkeztu zuen. Kostu-eraginkortasun analisiak erakutsi du soluzio bideragarria dela eskala handiko produkzioan injekzio moldeak fabrikatzeko, ekoizpen denborak %90 murriztuz, mikromekanizazio konbentzionalarekin alderatuta.
Varelak zehaztu zuenez, teknologia horrek fabrikazio prozesuan duen arintasuna geometria, txipen tamaina eta prozesu desberdinetara egokitzeko gaitasunagatik nabarmendu da, hala nola grabatua edo leunketa, prozesu horretarako ekoizpen tresna espezifikorik erabili behar izan gabe. Gainera, injekzio bidezko moldekatzean txertaketa trukagarriak dituzten portamolde birkonfiguragarriak inplementatzeak are gehiago indartzen du prozesuaren malgutasuna, eta metodologia hori kostu txikiko gailu mikrofluidikoak fabrikatzeko aukera eskalagarri eta lehiakor gisa sendotzen du.

Diagnostiko eta medikuntza pertsonalizatuan sortzen ari diren teknologiak baliozkotzeko erregulazioa eta erronkak
Jardunaldia amaitzeko, Miguel Ángel Campanero, A3Z Advancedeko zuzendari nagusiak diagnostiko tresna aurreratuak eta eredu biomedikoak garatzeko funtsezko teknologiak diren Point-of-Care gailu mikrofluidikoek eta Organ-on-a-Chip plataformek dituzten erronka arautzaile konplexuak aztertu zituen. Sistema horietako asko ez dira zuzenean osasun-produktu edo in vitro diagnostikorako gailu gisa (IVD) sailkatzen, baina giza laginen bidezko ikerketa biomedikoan gero eta gehiago erabiltzen direnez, esparru arautzaile argiak eta egokituak behar dira. Campanerok Europaren eta Estatu Batuen arteko arauen desberdintasunak nabarmendu zituen, baita Organ-on-a-Chip ereduetan lortutako datuak FDA eta EMA agentzien aurrean baliozkotzearen garrantzia ere. Amaitzeko, Companion Diagnostics (CDx) produktuei buruz hitz egin zuen, IVD produktuen kategoria berezi bat, arau baldintza espezifikoak eta zorrotzagoak dituena, bai AEBetan, bai Europan.

Mikrofluidikoa, goraka doan teknologia
Teknologia mikrofluidikoak abantaila eztabaidaezinak eskaintzen ditu, eta, horregatik, Lab-on-a-chip gailuak gero eta ohikoagoak dira gaixotasunen diagnostikoetan, pazientearen arreta postutik gertu adibidez, Point-of-Care, eta baita Organ-on-Chip gailuak ere. Azken horretan, biologia eta ehun-ingeniaritza aplikatuz organismoaren 3D ingurune konplexu eta dinamikoak erreproduzitzeko aukera ematen digute, ehun biziaren egitura, funtzioa eta ezaugarri mekanikoak zehatz islatuz.
Leartiker zentro teknologikoak mikrofluidikari eskainitako ikerketa lerro bat du Osasuna espezializazioaren barruan, eta horrelako ekitaldiak aukera berezia dira arlo horretan egiten duen ikerketa ezagutzera emateko. Ekitaldi hau antolatzeko Eusko Jaurlaritzak emandako babesari esker, jardunaldi honen hamahirugarren edizioa arrakastaz amaitu da, eta hurrengo edizioa abian da.
Jardunaldiko laburpen bideoa hemen ikusgai.