Leartikerrek kultibo zelularreko laborategi berrian bularreko minbiziaren ikerketa bultzatzen dihardu

2025-09-17

Leartikerrek ikerketa biomedikoaren aldeko apustua indartzen duen Applied Biomaterials Lab laborategia inauguratu zuen urte hasieran. Lanerako gune berri horrek zelulak hazteko eta aztertzeko baldintza espezifikoak eskatzen dituzten proiektuetan aurrera egiteko aukera ematen du.  Ana Zubiarrain Laserna Leartikerreko Osasun arloko ikertzailea garatzen ari den proiektua da horietako bat, Granadako Unibertsitatearekin lankidetzan egiten ari den doktoretza tesia.

   

 

Minbizia eta biskoelastikotasuna: ikerketarako eredu errealistagoetarantz

Bularrekoa da gehien diagnostikatzen den minbizi mota eta emakumeen artean minbiziaren ondorioz sortzen diren heriotzen kausa nagusia. Diagnostikoan eta tratamenduan aurrerapenak egin diren arren, oraindik ere beharrezkoa da zehaztasun terapeutikoa hobetzeko eta biziraupena handitzeko biomarkatzaile berriak aurkitzea.

Testuinguru horretan, Anaren tesiak ehunaren biskoelastikotasuna biomarkatzaile posible gisa aztertzea proposatzen du. Oraintsu burututako ikerketek frogatu dutenez, zelulaz kanpoko matrizearen zurruntasunak ez ezik, portaera biskoelastikoak ere eragina izan dezake minbiziaren progresioan. Hipotesi hori ikertzeko, ezaugarri biomimetiko nabarmena duten hidrogeletan oinarritutako in vitro ereduak garatzen ari dira, tumore ehunaren propietate mekanikoak zein biologikoak erreplikatzeko gai direnak.

 

Ezagutzan sakontzeko prestatutako laborategia

Laborategi berriak zelulekin baldintza kontrolatuetan lan egiteko aukera ematen du, bularreko minbiziaren in vitro ereduak sortzeko funtsezkoa. Espazio hori Leartikerren biomaterialen eta lagin biologikoen portaera mekanikoa ezaugarritzeko jada eskuragarri dauden ekipoekin osatzen da, ezinbestekoa tesiaren esparruan diseinatutako hidrogelen propietate biskoelastikoak aztertzeko.

Gaur egun, Zubiarrain bularreko minbiziaren zelulaz kanpoko matrize deszelularizatua (dECM) sortzen ari da, propietate mekaniko modulagarriak dituzten alginatozko hidrogelekin konbinatuko dena. Horri esker, tumore-zelulak hazteko ingurune errealistagoak sortzea ahalbidetuko da. Ondorengo faseetan, hidrogel horietan bularreko minbiziaren zelulak haziko dira, matrizearen propietateek portaera zelularrari eta farmako desberdinen aurrean duten erantzunari nola eragiten dioten aztertzeko.

Ikuspegi horrek medikuntza pertsonalizatuko estrategia berriei atea irekitzen die, in vitro ereduak minbizi mota desberdinetara edo pazienteen lagin zehatzetara egokitzeko aukera ematen baitu.

 

Ikerketa berriei ateak irekitzen dizkion proiektua

Onkologian aurrerapenak egiten laguntzeaz gain, tesi honetan sortutako ezagutza Leartikerren HEALTH espezializazioaren beste ikerketa ildo batzuetan aplika daiteke. Adibidez, ehunak birsortzeko biomaterialen pertsonalizazioan edo mikrofluidikako txipetan integratutako tumore-ereduen garapenean.

Proiektu honek diziplinarteko ikerketaren potentziala eta Leartikerrek osasunaren arloan soluzio berritzaileak garatzeko duen konpromisoa islatzen ditu. Laborategi berriak eta eskaintzen dituen gaitasunek inpaktu zientifiko, teknologiko eta soziala duten ikerketa bide berriak aztertzen jarraitzeko aukera emango dute.

COOKIEEN ERABILERA

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu erabiltzaileen esperientzia ahalik eta onena eskaintzeko.

Jarraitu aurretik, cookie horiekin zer egin erabaki behar duzu. Guztiak onar ditzakezu edo egiten duzun hautaketa gorde.

COOKIE PROPIOAK

Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookie teknikoak erabiltzen ditugu eta cookien ezarpenetarako eta aukeratutako hizkuntzarako zure lehentasunak gordetzen ditugu.

HIRUGARRENEN COOKIEAK

Hirugarrenen guneak erabiltzen ditugu nabigazioa aztertzeko eta txertatutako informazioa erakusteko. Aktibatu nahi dituzun aukerak.

Hirugarrenen cookieak ez onartzeak esan nahi du ez dizugula zenbait eduki erakutsiko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi: Pribatutasun politika