FERMATEC, landare jatorriko hartziduran urtebeteko ikerketa eta transferentzia
Leartiker zentro teknologikoak 2025ean gauzatutako FERMATEC proiektuari amaiera eman dio, landare jatorriko lehengaiei aplikatutako hartzidura prozesuen inguruko ezagutza sortzera eta transferitzera bideratutako ekimena. Proiektuak fruta, barazki, zereal eta landare aromatikoen potentziala aztertu du, elikagai hartzitu berrietarako oinarri gisa, elikagaien sektoreari bioprozesuetan oinarritutako garapen eta berrikuntza aukerak eskaintzeko.
Proiektuan zehar, Leartikerrek hartzidura estrategiak eta horiek landare matrizeetan dituzten ondorioak aztertzera bideratu du bere jarduera, baita ekoizle eta enpresentzat interesgarriak diren aplikazioak identifikatzera ere. Egindako lanari esker, tratamendu eta hartzidura baldintza jakin batzuek produktu bukatuen ezaugarrietan nola eragin dezaketen ulertzeko aurrerapausoak eman ahal izan dira.
Ikerketa aplikatua Leartikerreko Hartzidura Laborategian
Egindako ikerketa jarduera guztia Leartikerren Hartzidura Laborategiaren gaitasun teknikoetan oinarritzen da. Laborategi hori elikagai hartzituen ikerketa lerro espezifikoan txertatuta dago, zentro teknologikoak elikagai jasangarrien arloan duen eremu estrategikoetako bat delarik. Laborategiak hartzidura esperimentalak baldintza kontrolatuetan egiteko ekipamendua du, eta azterketa mikrobiologikoak zein teknologikoak egiteko aukera ematen du.
Espazio horretan, mikroorganismoen arteko interakzioak aztertzen dira, eta hartzidura-prozesuetan sortutako metabolitoen ekoizpena kuantifikatzen da. Azpiegitura zientifiko horrek hartziduraren ezagutza aplikatuan aurrera egiteko eta elikagaien sektorera transferitzeko potentziala duten soluzioak garatzeko aukera ematen du.

FERMATEC proiektuaren laburpen bideoa
Transferentzia programa: tailerrak, webinarrak eta jardunaldi teknikoa
FERMATECen baitan, Leartikerrek elikagaien sektoreko profesionalei bideratutako transferentzia programa oso bat garatu du: tailer praktikoak, webinar teknikoak eta amaierako jardunaldi bat. Tailerrek funtsezko bi esparru jorratu dituzte: kojiari eta misoari aplikatutako hartzidura fungikoak, eta landareen hartzidura laktikoa, oinarri mikrobiologikoetan, parametro kritikoetan eta elaborazio jardunbide egokietan zentratuz.
Webinarrek graduazio alkoholiko baxuko edari hartzituei eta hartzidurari buruzko edukiekin osatu zuten prestakuntza, elikagaien berrikuntzarako tresna gisa, oinarriei, segurtasunari eta garapen aukerei buruzko ikuspegi teknikoa eskainiz.
Tailer horretan jasotako formakuntza webinarretan landutako graduazio alkoholiko baxuko edari hartzituak eta hartzidura elikagaien berrikuntzarako tresna gisa aurkezpenekin osotu ziren, modu horretan, hartzidura prozesuen oinarriei, segurtasunari eta garapen aukerei buruzko ikuspegi teknikoa eskainiz.
Programa abenduan amaitu zen, lortutako aurrerapen nagusiak aurkezteko profesionalei zuzendutako jardunaldi tekniko batekin. Egun horretan publikoari irekitako showcooking bat ere egon zen, elikagai hartzituekin egindako hainbat plater dastatzeko aukerarekin. Parte hartu zuten ekoizleek, gainera, beren elaborazioak ikusgai jartzeko aukera izan zuten, produktuak ezagutarazteko eta bertaratutako pertsonekin esperientziak partekatzeko espazioa ahalbidetuz.
Parte-hartze handiko berrikuntza-proiektua
Leartikerrek ekimenaren balorazio oso positiboa egin du. Proiektuak lan handia eskatu du bai ikerketan bai transferentzia-jardueretan, baina erregistratutako parte-hartze handiak eta anitzak sektoreak hartziduren inguruan gero eta interes handiagoa duela berretsi du, produktu eta prozesu berriak garatzeko tresna gisa ikusten baitu. Sektorearen partetik jasotako erantzun horrek egitasmo honetan egindako ahalegina babesteaz gain, lan ildo horretan aurrera egiten jarraitzearen beharra adierazten du.
Lortutako emaitzei esker, Leartikerrek elikagaien esparruan ikerketan eta transferentzia teknologikoan espezializatutako eragile gisa duen zeregina sendotu du, eta sektoreari bioprozesuak integratzen eta hartziduran oinarritutako produktu berriak garatzen laguntzeko duen gaitasuna handitu du. Proiektuan sortutako ezagutzak lankidetza aukera berriak irekitzen ditu, eta inguruko elikadura ekosistema indartzen jarraitzen laguntzen du.
FERMATEC ekimena Eusko Jaurlaritzaren Berriker 2024 programak finantzatutako TransferFERMATEC proiektutik abiatzen da, elikagaiei aplikatutako hartziduraren inguruko ezagutza eta berrikuntza bultzatzeko helburu duena.
