PLASTIGARBI, itsas hondakinak bildu eta prozesatzeko egitasmo berria

2026-03-10

Etorkizun jasangarri eta ekologikoago baten bide horretan aurrerapausoak ematera etorri da PLASTIGARBI izeneko proiektua. Datuak ez baitira oso lasaigarriak: uretan pilatzen den hondakinen arazoa egoera kritiko batera iritsi da. Gainera, Euskal Herriko arazoa izateaz gain, nazioartekoa ere bada: plastikozko hondakinek ozeanoetako kutsaduraren %85 hartzen dute; bioaniztasuna mehatxatzen dute, berotze globalari lagunduz eta ingurumena suntsituz; eta, behin denbora bat pasa ostean, material hori tratatzeko zail bilakatzen da. Hori guztia gutxi balitz, horrela jarraituz gero, 2060 urterako plastiko kontsumo globala 2,5 biderkatuko da.

Getarian egin den aurkezpen-ekitaldian, Udalbiltzako zuzendari Clara Rougetek proiektuaren testuingurua azaldu du. Besteak beste, hasiera batean, Hendaiako udaletik etorritako eskaera baten ondorioz hasi zela forma hartzen: portuetan erabilpenik gabe gelditzen ziren aisialdirako itsasontziekin zer egin, alegia. Denborarekin, proiektua Euskal Herri osoko kostaldeko hainbat eragileren arteko elkarlana bihurtu da, bere helburuak ugaritu direlarik: itsasontzi abandonatuen kudeaketatik, itsasoko hondakin plastikoen kudeaketa integralago batera. Helburu berri horiekin, proiektua berriz diseinatu eta Europako POCTEFA dirulaguntzetara aurkezteko hautua egin zen.

Ipar eta Hego Euskal Herritik datozen bazkide horiek honakoak dira: Udalbiltza, Institut Français des Huiles Végétales Pures, Université de Pau et des Pays de l’Adour, Estia, Altens, Leartiker eta Plentziako Itsas Estazioa-EHU. Hainbat hilabetetako lanaren ostean, bazkideek pozez esan dezakete helbururik handiena, egitasmoa garatzen lagunduko duen dirulaguntza hori alegia, lortu dutela. Orain, proiektua hezur-mamitzeko unea iritsi da.

 

PLASTIGARBI, pausoz pauso

Getariako aurkezpenaren azken zatian, Institut Français des Huiles Végétales Pures elkarteko lehendakari André Dubosek hartu du hitza, egitasmoa zehatzago azaltzeko. Euskal Herrian kostaldea duten udalerriak izango dira proiektu honen fokua, eta hainbat ekintza edo ildo jarraituko ditu, paraleloan garatu daitezkeenak:

Lehen ekintzan itsas-hondakinen bilketa eta birziklatzea burutzen duten eragileen kartografia tekniko-ekonomiko bat egingo da; baita, noski, kostalde-eremu horretan pilatutako hondakinen identifikazioa eta legediaren azterketa egin ere.

Bigarren ekintzan, jasotako hondakin plastiko horiek prozesatu egingo dira, mugaz gaindiko lankidetza teknologikoa sustatuz. Teknika ezberdinen konbinazioarekin, hondakin plastiko horiei bizitza berri bat emateko saiakera egingo da. Era berean, ildo honetan ere erabilerarik ez duten aisialdirako itsasontzi abandonatuak deseraikitzeko lanketa bat abiatuko da.

Hau guztia behar bezala aurrera ateratzeko, hirugarren lan ildo batek mugaz gaindiko sarea sendotzearen alde lan egingo du. Proiektuaren baitako jarduera guztietan (eragileen eta hondakinen karakterizazioa, bilketa eta balorizazioa) lurralde ezberdinetako eragileen elkarlana sustatuko da, ikuspegi eta bide berrietara irekiz.

 

COOKIEEN ERABILERA

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu erabiltzaileen esperientzia ahalik eta onena eskaintzeko.

Jarraitu aurretik, cookie horiekin zer egin erabaki behar duzu. Guztiak onar ditzakezu edo egiten duzun hautaketa gorde.

COOKIE PROPIOAK

Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookie teknikoak erabiltzen ditugu eta cookien ezarpenetarako eta aukeratutako hizkuntzarako zure lehentasunak gordetzen ditugu.

HIRUGARRENEN COOKIEAK

Hirugarrenen guneak erabiltzen ditugu nabigazioa aztertzeko eta txertatutako informazioa erakusteko. Aktibatu nahi dituzun aukerak.

Hirugarrenen cookieak ez onartzeak esan nahi du ez dizugula zenbait eduki erakutsiko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi: Pribatutasun politika