Arrainak kontzentratzeko gailu eta kanabera-euskarrien sistema berriak hegaluzearen eta beste tunido batzuen arrantza jasangarrirako
TICS-BONITO proiektuak, prototipoak baliozkotzeko fasearekin eta azken transferentziako jardunaldiekin amaitu berri du bere ibilbidea. Ekimena PLEAMAR programaren barruan kokatu da, eta berrikuntzan eta ingurumenaren babesean oinarrituta, arrantza eta akuikultura sektoreetan jasangarritasuna sustatzea izan du helburu. Leartiker S. Coop. zentro teknologikoaren (Markina Xemein, Bizkaia) eta Vigoko Unibertsitateko Escola de Enxeñeiros Industriaiseko Enxeñería Eficiente e Dixital (EN.EDI) ikerketa taldearen ia bi urteko elkarlanaren ondoren, eta arrantza sektorearekin izandako lankidetza estuari esker, proiektua amaierara heldu da prototipoak baliozkotu eta azken transferentzia jardunaldiekin.
Hegaluzearen eta beste tunido batzuen arrantza prozedura ezberdinen bidez burutzen da. Kostaldean zehar ontzi txikiagoetan egiten den arrantzatik hasi eta mundu osoko kaletan egiten den arrantza intentsiboraino. Arrantzaren intentsitatea, teknika edo lekua alde batera utzita, arrantzaren jasangarritasuna eta ingurumen-biodibertsitatearekiko eta gainerako espezieekiko errespetua armadoreen lehentasunetako bat da gaur egun. Oinarri horretatik abiatuta, hegaluzearen kostako arrantza-aparailuen eta alturako inguraketa-arrantzaren funtzionaltasuna eta jasangarritasuna hobetzeko urratsak proposatzen ditu proiektuak.
Horregatik, Leartiker buru izan duen TICS-BONITO egitasmoa, altuera eta baxurako arte desberdinetan, hegaluzearen eta beste tunido batzuen arrantza jasangarrirako berrikuntza teknologikoen garapenean lan egitera bideratuta egon da, egungo prozesuen ingurumen inpaktua murrizteko eta eraginkortasuna hobetzeko helburu bikoitzarekin, espeziea bera eta itsas ingurunea oro har babesten duten arrantza arte selektiboak babestuz.
Proiektuaren helburua da sarean katigatzea saihesten duten material biodegradagarrietan oinarritutako gailuak garatzea, modulagarriak eta sentsorizatuak izan daitezen.

Arrainak Kontzentratzeko Gailuak - AKG
Leartikerreko lan-taldea, Blanca Lekube ikertzailea buru duela, alturako arrantzarako Arrainak Kontzentratzeko Gailuen (DCP gaztelerazko eta FAD, ingelesezko terminologian) garapenean zentratu da, itsas inguruneetan sarean katigatzea saihesten duten material biodegradagarrietan fabrikatzeko diseinatuak. AKGetan erabili ohi diren material plastiko konbentzionalak ordezkatzea erronka bat izan da, baita ozeano desberdinetarako demostradoreen funtzionaltasuna lortzea ere. Horretarako, Leartikerrek itsas inguruneetan biodegradagarriak diren polimeroekin egindako diseinu bat garatu du, ozeano irekian behar den errendimendua eskaintzeko gai dena. Bestalde, materialen biodegradazioaren azterketa bat egin da itsas baldintza desberdinetan, bizitza baliagarria amaitu ondoren haien ingurumen inpaktuaren murrizketa baliozkotzeko.
Garatutako prototipo berritzaileak Mutrikuko batean ebaluatzen ari dira gaur egun, eta atun-enpresen lankidetzari esker, laster probatu ahal izango dira baldintza errealetan.
Kanaberei eusteko sistema berriak
Bestalde, Julio Garridok zuzentzen duen Vigoko Unibertsitateko EN.EDI taldeak hegaluzearen kostaldeko arrantza-prozesuak hobetzea izan du helburu, modalitate oso selektiboa eta itsas ekosistema errespetatzen duena. Taldearen ekarpena kanaberetarako euskarri sistema berriak garatzea izan da. Automatizazio maila desberdinak eta hobekuntza ergonomikoak integratu dituzte, itsasontziko langileen ahalegin fisikoa murrizteko, eragiketan zehar segurtasuna handitzeko eta harrapaketa prozesuaren eraginkortasuna hobetzeko. Arrantza modalitate hau Kantauriko arrantzaleen artean oso errotuta dauden praktiketan oinarritzen denez, Getariako kofradiarekin lankidetza estuan lan egin da, aurrerapen teknologiko bakoitza hamarkadetako esperientzia duten ontzien benetako jardunarekin bateragarria izango zela ziurtatzeko. Otsailaren hasieran, lehen ebaluazioak egin ziren bertako ontzietan, prototipoen funtzionamendua portuan baliozkotzeko. Hurrengo urratsa benetako baldintzetan proba egitea izango da, ekaineko kosteran.
Emaitzen transferentzia
Markina-Xemeinen eta Vigon egindako transferentzia jardunaldiek, proiektuaren aurrerapenak arrantza sektoreari zuzenean aurkezteko aukera eman zuten. Leartikerren egoitzan (Markina-Xemein) kofradietako, atunontzietako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek parte hartu zuten, eta garatutako Arrainak Kontzentratzeko Gailuaren prototipoa bertatik bertara aztertzeko aukera izateaz gain, lortutako emaitzen inguruan eztabaida bereziki aberasgarriak sortu zituzten.
Vigoko Unibertsitatean egindako jardunaldian, bertaratutakoek zuzenean ikusi ahal izan zuten kanaberei eusteko prototipoen funtzionamendua eta baita EN.EDI taldearen webgunean eskuragarri dagoen ikus-entzunezko materiala: https://en.edi.webs.uvigo.es/tics-bonito/

Leartiker eta Vigoko Unibertsitateari buruz
Leartikerren eta EN.EDI taldearen arteko lankidetza funtsezkoa izan da ekimen honen oinarri diren teknologia berritzaileak garatzeko. Lankidetza hori ez da berria; izan ere, bi erakundeek 2015ean ekin zioten elkarlanari Europako CircularSeas proiektuaren baitan (2019-2023).
Leartiker ezagutza zientifiko-teknologikoa sortzen eta transferitzen espezializatutako zentroa da, Mondragon Taldeko eta Basque Research Technology Alliance – BRTA aliantzako kidea, eta Vigoko Unibertsitateko EN.EDI ikerketa-taldeak automatizazio, digitalizazio eta robotikako ingeniaritzan duen esperientzia eskaintzen du. Elkarrekin, bi erakunde hauek arrantza sektoreko berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin konprometituta daude.
Markina-Xemeinen (Bizkaia) kokatutako zentro teknologikoa izan da proiektuaren buru, eta material biodegradagarrien garapenaz, arrainak kontzentratzeko gailuen diseinuaz eta proiektuaren koordinazioaz arduratu da. Bestalde, Vigoko Unibertsitateko EN.EDI taldea automatizazio eta digitalizazio jardueren garapenaren arduraduna izan da.
Proiektu hau Fundación Biodiversidad eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren lankidetzarekin garatzen da, PLEAMAR Programaren baitan, eta Europar Batasunak finantzatzen du FEMPAren bidez (Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsa).

