Baterien bigarren bizitza eta digitalizazio industriala bultzatzen REVIA proiektuaren bidez
Ibilgailu elektriko arinen bigarren bizitzara bideratutako baterien errendimendua, segurtasuna, efizientzia eta jasangarritasuna hobetzeko azken belaunaldiko soluzio teknologikoen garapen esperimentalera bideratuta dagoen REVIA lankidetza proiektuan parte hartzen ari da Leartiker zentro teknologikoa.
REVIAk ikuspegi integral batetik lantzen ditu bateriak berrerabiltzearekin lotutako erronka teknologikoak, industrialak eta arautzaileak, eta arreta berezia jartzen du ekonomia zirkularrean, prozesuen digitalizazioan eta pasaporte digitalaren bidezko trazabilitatean.

Erronka estrategiko baterako diziplina anitzeko partzuergoa
Ekimenak diziplina anitzeko partzuergoa osotu du, eta CIACek koordinatuta – Kataluniako Auto Industriaren Klusterra –, eta Kataluniako Kluster Digitalak, Plastikoaren Espainiako Zentroak (EPB) eta MAV Klusterrak (Kataluniako Materialen Zentro Aurreratuak) parte hartzen dute egitasmoan. Halaber, garapen teknologikoaren alorrerako Leartiker, Rotimpres, Cadtech Solutions eta Inèdit-ekin batera lan egingo dute eta MillorBattery baterien fabrikatzailearen planta industriala erabiliko da balidazio-ingurune gisa.
REVIA bi zutabe nagusiren inguruan egituratzen da. Alde batetik, funtzionalitate termikoak eta detekzio integratuak dituzten polimero arineko karkasak garatuko dira. Pieza horrek, suaren aurkako propietateak, kudeaketa termiko pasiboa eta bateria moduluen segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzeko sentsore inprimatuak izango dituzte, bai lehen bizitza baliagarriko aplikazioetarako, bai bigarren bizitza baliagarriko aplikazio posibleetarako. Bestetik, Millor Batteryren lantegian prozesu logistikoak eta ekoizpen prozesuak optimizatuko dira, agertokiak aztertzeko, hondakinak murrizteko, botila lepoak aurreikusteko eta simulazioan oinarritutako erabaki operatiboak hartzea errazteko gai den biki digital bat garatuz.
Leartiker REVIAn
Ekimen honen barruan, Leartikerrek baterietarako karkasa eta inguratzaile prototipoak fabrikatzeko erabiliko diren material polimeriko aurreratu berriak garatzen dihardu. Horrez gain, prototipoetan inprimatutako sentsoreen integrazio funtzionalaz ere arduratuko da, substratu polimerikoaren eta sentsore edo berogailu txertatuen arteko bateragarritasuna ziurtatuz.
Garatutako material polimerikoak erresistentzia mekaniko handiko eta dentsitate txikiko konposatu termoplastikoak izango dira, suaren aurkako propietateak barne hartuko dituztenak.
Espero diren emaitzak
REVIAren helburua, material polimeriko aurreratuak erabiliz, baterien karkasetan % 30 eta % 50 arteko pisu murrizketa lortzea da. Detekzio-teknologien eta kudeaketa termikoko sistema pasiboen integrazioari esker, segurtasuna eta egonkortasun termikoa nabarmen hobetzea ere espero da.
Ekoizpenaren ikuspegitik, agertoki birtualen ebaluazioari esker, biki digitalak hondakinak murrizten, efizientzia operatiboa hobetzen eta jarduerarik gabeko denbora murrizten lagunduko du. Aldi berean, ekonomia zirkularreko eta diseinu ekologikoko irizpideak integratuz, garatutako baterien bizi zikloari lotutako ingurumen inpaktuaren murrizketa kuantifikatzen lagunduko du.
Leartikerren industria berritzaileagoa, erresilienteagoa eta jasangarriagoa bultzatzeko lan egiten dugu, ezagutza zientifiko teknologikoaren bidez enpresei beren prozesuak eta produktuak eraldatzen lagunduz. REVIA proiektuaren kasuan bezala, industria sareari balio erreala emango dioten soluzioak garatzeko konprimetituta gaude, ingurunearekin eraginkorragoak eta arduratsuagoak diren ereduak bultzatuz.

Industria eta Turismo Ministerioak finantzatutako proiektua, Agrupaciones Empresariales Innovadoras laguntzen 2025eko deialdiaren programaren barruan. REVIA- Espediente zenbakia: AEI-010700-2025-1
