INNOPET 2.0: Maskotentzako elikadura jasangarriaren belaunaldi berri baterantz
2025. urte bukaeran INNOPET proiektuari amaiera eman genion balorazio oso positiboarekin, eta jarraian INNOPET 2.0 abiatu genuen. Maskotentzako berrikuntza proteikoa hurrengo mailara eramateko diseinatutako egitasmo berri horrekin, helburu argi bat daukagu; aurreko etapan garatutako produktuen gama optimizatzea eta industria aurreko fasera eta merkaturatze-fasera eskalatzea.
Aurrekoan bezala, ekimen berri honek ere Mondragon Taldearen 2024-2027 Zientzia eta Teknologia Planaren finantzaketa du, ekosistema kooperatiboak elikadura soluzio jasangarriagoak, osasungarriagoak eta berritzaileagoak bilatzeko egiten duen apustua sendotuz.
Ikerketatik eskalatzera: merkaturatzeko urrats erabakigarria
Lehen fasean garatu ziren formulazioen aurre-eskalatze industriala da INNOPET 2.0 proiektuaren ardatz nagusia, eta prozesu hori Ausolanen instalazioetan burutuko da. Lan horrek, maskotentzako elikagai berrien ekoizpen-bideragarritasuna baliozkotzea ahalbidetuko du, eta benetako industria prozesuetara egokitzen direla ziurtatuko du, etorkizunean merkatura eramateko funtsezko baldintza baita.
Lehen edizioan, INNOPETek intsektu proteina alternatiboen potentziala frogatu zuen, Tenebrio molitor (irinaren harra) eta Hermetia illucens (euli soldadu beltza) intsektuetatik eratorritako osagai funtzionalak integratuz. Irin-frakzioetatik eta hidrolizatu entzimatikoetatik abiatuta, txakurrentzako eta katuentzako elikagai hezeen prototipoak garatu ziren, emaitza itxaropentsuak lortuz nutrizioari, egonkortasunari, testurari eta onarpen sentsorialari dagokienez.

Maskoten elikadura transformatzeko lankidetza
INNOPET 2.0k elikadura ekosistemako funtsezko eragileak biltzen ditu berriro: Eroski eta Ausolan proiektuaren bultzatzaile gisa, banaketarako gaitasuna eta elikagaien ekoizpenean esperientzia jartzen duten bi erakunde; eta, partner teknologiko gisa Leartiker, ezagutza zientifiko-teknologikoa sortzen eta transferitzen espezializatutako zentroa.

Eroski, Ausolan eta Leartikerreko Innopet proiektuko arduradunak.
Diziplina anitzeko lankidetza horrek, maskotentzako elikagaiak eskaintzeko erronkari aurre egitea ahalbidetu du: nutrizio eta zentzumen beharrei erantzuten dioten elikagaiak garatzeaz gain, jasangarritasunean, ekoizpen eraginkortasunean eta ingurumenarekiko erantzukizunean ere benetako aurrerapausua emanez.
Leartikerren elikadura jasangarriarekin dugun konpromisoa berresten dugu, elikagai berriak garatuz eta balio nutrizionala duten birformulazioak maskotentzat ere garatuz. Gainera, elikadura ekosistemako eragileen arteko elkarlanari esker, INNOPET 2.0 bezalako irtenbide eraldatzaileak bultza ditzakegu, maskotentzako elikadura ulertzeko eta ekoizteko modua aldatzeko aukera ematen digun egitasmoa.