Esnetik genomara: berrikuntza gaztagintzan
Biologia molekularra gaztagintzaren zerbitzura
Biologia molekularra organismoen material genetikoa, batez ere DNA, aztertzen duen diziplina da, mikroorganismoak zehaztasun handiz identifikatzeko eta haien funtzio biologikoak hobeto ulertzeko aukera ematen duena. Ikuspegi horrek laginen barruan gertatzen dena sakonago ezagutzea ahalbidetzen du, ohiko analisi mikrobiologikoek beti erakusten ez duten informazioa agerian utziz. Adibidez, PCR probek (Polimerasaren Kate-Erreakzioa) DNA aztarna txikienak ere detektatu eta ugaritzeko aukera ematen dute. DNAren sekuentziazioari dagokionez, DNAren osagaien hurrenkera irakurtzen duen teknikari esker, bakterioen genoma osoaren sekuentziazioa egin daiteke, edo lagin bakoitzean dauden bakterio-komunitateak ezagutu 16S sekuentziazioaren bitartez.
Gaztagintzan, biologia molekularra bereziki baliagarria da mikrobiologia konbentzionalaren osagarri delako. Ohiko analisiek mikroorganismo jakin batzuk detektatzeko eta zenbatzeko balio dute; ikuspegi molekularrak, berriz, laginaren atzean dagoen errealitate biologikoa sakonago aztertzeko aukera ematen du. Horrela, hainbat galderari erantzun dakioke: zein mikroorganismo dauden benetan laginean, zein diren prozesu edo akats jakin baten atzean dauden mikroorganismoak, nola aldatzen diren komunitate mikrobianoak ekoizpenean edo ontze prozesuan zehar, eta zein arrisku edo desbideratze atzeman daitezkeen lehenago eta zehaztasun handiagoz. Jarraian azaltzen diren adibideek erakusten dute ikuspegi osagarri horrek nola laguntzen duen gaztagintzako erronka zehatzei erantzuten.

Proiektuetan guztiz integratuta
Esneki Zentroan, gaztagintzaren segurtasunaren eta teknologiaren ikuspegitik, biologia molekularra tresna estrategiko gisa integratzen dugu eguneroko jardunean. Ez da aparteko unitate isolatu bat; aitzitik, proiektu bakoitzean zehar lantaldearekin elkarlanean txertatzen den diziplina da, lehengaiaren kalitatea, prozesuen kontrola eta azken produktuaren segurtasuna eta ezaugarriak hobeto ulertzeko eta bermatzeko.
Testuinguru horretan, biologia molekularra gure jarduneko beste zutabe bat gehiago bihurtu da, eta proiektu bakoitzaren atzean lantaldearekin elkarlanean jarduten du.
SHIGA proiektuaren baitan, izen bereko toxina sortzen duten Escherichia coli patogenikoen ikerkuntzan jardun gara. Hemen, PCR teknika erabili dugu toxina sortzaile den genearen presentzia aztertzeko bai esne gordin eta baita esnekietan ere. Horrez gain, genoma osoaren sekuentziazioaren bidez, jasotako esneetatik isolatutako E. coli anduien genoma osoa eskuratu dugu, andui patogenikoak zehaztasun handiagoz ezagutuz eta beste andui patogeniko batzuekin egon daitezkeen analogiak detektatuz.

ELAMINA proiektuaren baitan gaztaren ontze prozesuan zehar agertzen diren amina biogenoen inguruan ikertu dugu. Amina biogeno hauek bakterio laktikoen deskarbolixasa entzimaren bidez sortzen dira eta sentsibilitatea duten gizakietan nerbio eta zirkulazio sisteman eragin dezakete. Kasu honetan, 16S sekuentziazioa egin dugu komunitate mikrobiarrak aztertu eta eragileak bilatzeko. Horrez gain, 2 anduiren genoma osoaren sekuentziazioa egin dugu prozesu honetan inplikatutako deskarboxilasa genearen azterketa sakonagorako.
Segurtasunaren alorretik gaztagintza-teknikara igarota HETEGAZ proiektupean ari gara lanean. Bakterio heterofermentagarriek gazten ontze prozesuaren etapa berantiarretan sortzen duten gasak ezaugarri ez-desiragarriak eragiten ditu gaztetan: arrakalak eta leizeak agertzen dira, eta zapore eta usain bereziak garatzen dira. Kasu honetan, metagenomikaren ikuspegitik hainbat akats dituzten gazten komunitate mikrobiarraren analisia egin dugu, 16S sekuentziazioaren bidez, fenomeno horren atzean dauden genero eta espezie zehatzak identifikatzeko. Espezie jakin batzuetan, PCR kuantitatiboaren teknikaren bidez, haien presentzia kuantifikatu dugu.
Ildo beretik, BLUECARE proiektuaren bidez, gazta urdinetako mikrobiotaren analisia egin dugu. Ontze-prozesu desberdinek gaztaren ezaugarriak nola aldatzen dituzten aztertu dugu, baita bakterio- eta onddo-komunitateek nola eboluzionatzen duten ere. Izan ere, ontze-baldintza desberdinak mikroorganismo-komunitate espezifikoekin erlazionatuta egon daitezke.

Etorkizunari begira: berrikuntza etengabea
Gure biologia molekularreko laborategia etengabeko berrikuntzaren erdigunean dago, eta etorkizunean ere funtsezko zutabe izaten jarraituko du. Norabide horretan, analisi-prozesuen automatizazioan aurrera egiten jarraituko dugu, baita datu genomikoen analisi sakon eta integratuan ere, gero eta erantzun azkarragoak eta zehatzagoak eskaintzeko.
Hala ere, gure laborategiaren benetako balioa harago doa: ez da soilik zerbitzuen azkartasuna edo fidagarritasuna. Benetako indarra teknika molekular aurreratuetan oinarritutako ikerketa-proiektuetan sortzen ari garen ezagutza berrian dago. Ezagutza hori giltzarria da etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko, ekoizpen-prozesuak sakonago ulertzeko eta esnekigintzan sortzen diren arazo konplexuei irtenbide berritzaileak emateko.
Gainera, sortzen dugun ezagutza ez da abstraktua: gaztagintza sektorearen benetako beharretatik abiatzen da eta gure bezeroen errealitatearekin zuzenean konektatuta dago. Helburu argi batekin egiten dugu lan: arazoei erantzun sendoagoak, zehatzagoak eta zientifikoki bermatuak eskaintzea.
Azken batean, gaur garatzen dugun ikerketak biharko zerbitzuak eraikitzen ditu. Horrek aukera ematen digu etorkizunean ere konfiantzazko bidelagun izaten jarraitzeko, berrikuntzan oinarritutako balioa etengabe sortuz.
