Esneki Zentroak, Kide eta Mondragon Unibertsitatearekin batera, gazta artisauentzako ontze-kamara berritzailea garatu du
MONDRAGONen interkooperazioak berriz ere balioa sortzeko duen gaitasuna erakutsi du. Leartiker Esneki Zentroak, Kide kooperatiba industrialarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, arrakastaz garatu du gaztandegi txiki eta ertainentzat bereziki diseinatutako ontze-kamara berria.
Proiektu hau, egunerokoan gaztandegi artisauarekin egiten dugun lanaren ondorioz. Esneki Zentroan bertan identifikatutako behar erreal batetik sortu da. Malen Sarasua Esneki Zentroko arduradun eta ikertzaileak azaldu duenez, “gure inguruan gaztandegi artisauak dira gehienak, eta askotan kamera berean mota desberdinetako gaztak ontzeko beharra izaten dute, bakoitzak bere tenperatura eta hezetasun baldintzak behar dituelarik”. Errealitate horrek sektorerako erronka teknologiko bat planteatzen zuen.

Gaztandegi txikientzat pentsatutako irtenbidea
Testuinguru horretan, Esneki Zentroak Kide eta Mondragon Unibertsitatearekin elkarlana bultzatu zuen, sektorearen beharrei benetan erantzuteko gai izango zen ontze-kamara bat garatzeko. Helburua argia izan da hasieratik: mikrogaztandegien ekoizpen bolumenei, produktuen aniztasunari eta funtzionamendu baldintzei egokitutako irtenbide bat sortzea.
Izan ere, Euskal Herriko gaztandegien %95a mikroenpresak dira, eta horrek baldintza oso espezifikoak eskatzen ditu instalazioetan. Garatutako kamerak ontze baldintzak zehaztasunez kontrolatzeko aukera ematen du: aire-fluxua, hezetasuna eta tenperatura optimizatzea, gaztaren kalitatea bermatzeko.

Proiektuan zehar, Mondragon Unibertsitateak simulazio aurreratuetan duen ezagutzaz baliatu da, kameraren barruan zer gertatzen den zehaztasunez aztertzeko. Termofluidikako ereduen bidez, aire-korronteen banaketa, sentsoreen kokapena eta sistemaren eraginkortasun energetikoa optimizatu dira.
Bestalde, Kidek diseinu hau industria mailako ekipo bihurtu du, eraginkorra izateaz gain, jasangarritasun irizpideak ere txertatuz. Ontze-kamara berriak inpaktu txikiko hozgarriekin (PCA baxukoak) eta karbono-aztarna murrizten duten osagaiekin lan egiten du.

Proiektu hau MONDRAGONeko interkooperazioaren adibide argia da. Balioak eta lan egiteko modua partekatzen dituzten hiru erakunderen elkarlanak, emaitza arrakastatsua eman du.
Urte batez garatutako lankidetzak sektorearen ezagutza, gaitasun teknologikoak eta industria esperientzia uztartzeko aukera eman du, gaztagintzaren benetako behar bati erantzunez.
Ontze-kamara berria laster hasiko da gaztandegietan ezartzen, bai Euskal Herrian bai nazioartean, gazta artisauen ekoizpen prozesuak hobetzen lagunduz.
Esneki Zentrotik, proiektu honek berrikuntzarekiko dugun konpromisoa sendotzen du, eta gaztandegi artisauen garapenean laguntzen jarraitzeko dugun bokazioa indartzen du.
________
#CAFIQUE proiektua #HAZITEK 2025

_______