Ehun-ingeniaritza izan zen Polymers and Medical Applications jardunaldiaren 14. edizioko protagonista
Joan den ekainaren 12an, Polymers and Medical Applications jardunaldiaren 14. edizioa hartu zuen Leartikerrek. Beste urte batez, osasunaren arloko I+G+b ekosistemaren bilgune bilakatu zen ekimen hau, ezagutza partekatzeko, konexioak sortzeko eta sektorearen etorkizuna markatuko duten erronkak aztertzeko baliatu zuten bertaratuek.

Edizio honetan, ehun-ingeniaritzako aurrerapenetan jarri zen fokua, hala nola in vitro 3D ereduak, biomaterialak, bioinprimaketa edo terapia aurreratuak, eta aplikazio klinikoa. Ikuspegi anitzak baina osagarriak, ikerketaren egungo egoeraren ikuspegi aberatsa eta aplikatua eskaintzea ahalbidetu zuena.
Jardunaldia Leartikerreko zuzendari nagusia den Jon Anakaberen ongietorriarekin hasi zen, eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza zuzendariak, Maialen Agirrek, hartu zuen hitza. Gaitasun zientifikoak, enpresarialak eta industrialak konektatzearen garrantzia azpimarratu zuen, herrialdeak osasunean dituen erronka handiei erantzuteko. Goizean zehar, funtsezko alderdiei buruzko hitzaldiak entzuteko aukera egon zen, hala nola ingurune tumorala mimetizatzeko hidrogelen garapena eta karakterizazioa (CCA-on-a-chip), Izar Gorroñogoitiaren (Leartiker) eskutik; 4D bioinprimaketarako material hibridoak eta in vitro ereduen diseinuan duten aplikazioa, Dorleta Jiménez de Aberasturik (CIC biomaGUNE) azalduta; eta azido hialuronikoko hidrogelen propietate biskoelastiko eta degradaziokoak, aplikazio dermikoetarako, Virginia Sáezek (I+Med) aurkeztuta.

Ikerketatik merkatura: Innteract proiektua jardunaldian
Azken hitzaldian, Ainhoa Irastorzak (Biogipuzkoa) terapia aurreratuen inplementazio klinikorako erronkak jorratu zituen, eta, gainera, Leartiker buru duen eta Biogipuzkoak ere parte hartzen duen Innteract Europako proiektua aurkeztu zuen. Irastorzak, osasun ikerketatik industria sektorera berrikuntza transferitzea bultzatzea helburu duen ekimen horren berri emateko proiektuaren barruan lantzen ari diren gailu medikoak aurkeztu zituen – gaur egun erabilgarritasun azterketen eta proba aurreklinikoen fasean daudenak –, eta gailuak merkatura segurtasun eta eraginkortasun bermeekin iristeko helburuaz ere hitzegin zuen. Era berean, TissueNet ere aurkeztu zuen, POCTEFA eremuan ehun-ingeniaritzan eta medikuntza birsortzailean etorkizuneko mugaz gaindiko sare bat, lankidetza, ezagutza trukea eta ekosistemaren lehiakortasuna sustatzera bideratua.

Talentua, ideiak eta lankidetza lotzen dituen ingurunea
Espezializatutako edukiez gain, jardunaldia bere gertutasun eta lankidetza giroagatik nabarmendu zen beste behin. Networkin momentuek ideiak trukatzea eta lankidetzarako aukera berriak sortzea erraztu zuten. Parte-hartzaile batzuek adierazi zuten bezala, horrelako topaketek ezagutza partekatzeko aukera emateaz gain, erakundeen arteko konfiantza indartzeko eta etorkizuneko proiektu bateratuei atea irekitzeko aukera ere ematen dute. Hain zuzen ere, lan-ildoen arteko osagarritasuna izan zen gehien baloratu zen alderdietako bat.
Erakundeen partetik, halaber, honelako ekimenek ezagutza, industria eta premia sozialak lotzen dituzten espazio gisa duten garrantzia nabarmendu zen. Ikerketaren kostu handiari edo teknologia konplexu eta emergenteei lotutako erregulazio eskakizunek suposatzen duten erronka garrantzitsuei aurre egin behar dien sektore batentzako topagune lagungarria.

Jardunaldia Leartikerren instalazioetan zehar egin zen bisitarekin amaitu zen. Ibilbide horri esker, parte hartzaileek ingurune hurbilago batean inpresioak trukatzen jarraitu ahal izan zuten, eta zentro teknologikoan egiten den lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten.
Polymers and Medical Applications ekimenaren edizio berri bat, ekosistema biosanitariorako ezinbesteko topagune gisa duen zeregina berresten duena. Zientzia, berrikuntza eta lankidetza eskutik helduta, sektorearen etorkizuna bultzatzeko lanean jarraitzen duena.