LTK25 Plan Estrategikoa arrakastaz amaituta, bere etorkizuna markatuko duten erronkak zehaztu ditu Leartikerrek
Joan den ekainaren 19an, Leartikerrek Urteko Batzar Nagusia ospatu zuen, 2025eko ekitaldiko emaitzak aurkezteko, LTK25 Plan Estrategikoaren azken balantzea egiteko eta datozen urteetan erakundearen etorkizuna markatuko duten ildoak partekatzeko.
Batzarrean, LTK2025 Plan Estrategikoan ezarritako helburu nagusiak bete direla egiaztatu ziren; zentroaren gaitasun zientifiko-teknologikoak indartuta, I+G jarduera handituta eta enpresa eta gizarte sarean duen eragina sendotuta, lau urteko epealdiari amaiera emanez.
Ekitaldiko adierazle ekonomiko nagusiak aurkeztu ziren, 4,5 milioi euroko negozio-bolumenarekin; horietatik 3,65 milioi I+Gko jarduerei lotuta, eta enpresekin egindako lankidetza, ikerketa-jardueraren % 44,2koa da, ezarritako helburu estrategikotik oso gertu.
LTK25en azken berrikusketak 2021ean zehaztutako ia helburu estrategiko guztiak lortu direla berresten du. Epealdi horretan, Leartikerrek nabarmen indartu ditu ikerketarako eta transferentziarako gaitasunak, eta hainbat adierazle garrantzitsu lortu ditu, hala nola 49 argitalpen zientifiko, horietako 29 Q1 aldizkarietan, 11 patenteren eskaera, nazioarteko 12 proiektu eta 13 doktorez osatutako talde bat. Emaitza horiek erakundearen bilakaera positiboa eta hurrengo etapako erronkei aurre egiteko oinarri irmo baten sendotzea islatzen dute.
Zuzendari nagusiaren hitzetan, "2025 urtea nor garen eta, batez ere, etorkizunean zer eginkizun bete nahi dugun berresteko urtea izan da. Eraldaketa azeleratua bizi dugun testuinguru honetan, zentro teknologikook erantzukizun handiagoa hartu behar dugu geure gain: enpresen eta lurraldearen eraldaketan eragiteko dugun gaitasuna areagotzea, ezagutza eta teknologia aldaketa errealen, jasangarrien eta etorkizuneko ikuspegiaren zerbitzura jarriz."

Etorkizunari begira: LTK2029
LTK25en amaierarekin batera, LTK2029 plan estrategiko berria abiatu da, datozen lau urteetan erakundearen garapena bideratuko duena.
Zehaztutako erronka nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: plan estrategiko berria onartzea eta abiatzea, oinarri teknologikodun enpresa berriak sortzea aktibo propioetatik abiatuta, Esneki Zentrotik euskal esne sektorearen etorkizuneko erreferentzia zentroa bultzatzea eta kualifikazio handiko talentua erakartzeko eta fidelizatzeko gai izango den antolaketa kultura indartzea.
Enpresa ekimen berriak sortzearen aldeko apustua dagoeneko gauzatzen hasia da LTK Cryosolutionsen sorrerarekin, eremu biosanitariora bideratutako startup bat, Leartikerrek ezagutza zientifikoa eta gaitasun teknologikoak, merkatuan balioa eta inpaktua sortzeko gai diren enpresa proiektu bihurtzeko duen borondatearen adibide gisa.
"Leartiker 2025 Plan Estrategikoa amaitzea ez da helmuga bat, baizik eta Leartikerrek gaur egun oinarri sendoagoa, kohesionatuagoa eta hazkunde, espezializazio eta inpaktu etapa berri bati aurre egiteko prestatuagoa dagoela baieztatzea", azpimarratu zuen zuzendari nagusiak. Era berean, erakundeak berrikuntzako eragile gisa duen zeregina indartzen jarraitzeko borondatea berretsi zuen, lurraldeko enpresa, erakunde eta eragileekin lankidetzan arituz, digitalizazioa, jasangarritasuna, osasuna eta elikadura sistemen eraldaketa bezalako erronkei aurre egiteko.
Gizartearekiko eta ingurunearekiko konpromisoa
Emaitza ekonomiko eta zientifikoetatik haratago, pertsonekiko, Leartikerrek gizartearekiko eta lurraldearekiko duen konpromisoa, bere nortasuna definitzen duten ezaugarrietako bat izaten jarraitzen du. Urtean zehar, zentro teknologikoak hainbat ekimen garatu ditu zientzia eta teknologia belaunaldi berriei hurbiltzeko, berdintasuna sustatzeko, gizarteratzea bultzatzeko, euskara suspertzeko eta Garapen Jasangarrirako Helburuetan laguntzeko.
Ikastetxeekin lankidetza, Talentatu programan parte hartzea, emakumea zientzian ikusarazteko ekintzak, Izarbidean Elkartearekikn lankidetza edo Korrika eta Euskaraldia bezalako ekimenetan parte hartzea dira konpromiso horren adibide batzuk.
LTK25en helburuak lortuta eta dagoeneko definitutako ortzi-muga estrategiko berriarekin, Leartikerrek etapa berri bati ekingo dio, enpresentzat, pertsonentzat eta gizartearentzat ezagutza, teknologia eta eragin positiboa sortzen jarraitzeko asmoarekin.
Ekitaldiko emaitzak, LTK25 datuak eta etorkizuneko erronkei buruzko informazio guztia 2025eko Urteko Txostenean kontsulta daiteke [2025 Urteko Txostena].