ABRAZA, autonomia pertsonala hobetzeko robotika asistiboa bultzatzen duen proiektua amaitu da
Laguntza premia handiak dituzten aulki gurpildunen erabiltzaileei zuzendutako ABRAZA proiektua amaitu da hainbat hilabetez robotika asistiborako soluzio berriak ikertu eta garatzeko elkarlanean aritu ondoren.
Industria eta Turismo Ministerioak finantzatu du proiektua, Agrupaciones Empresariales Innovadoras (AEI) laguntzen bidez, eta Gaztela eta Leongo, Euskadiko eta Kataluniako erakundeak bildu ditu: Aspace Salamanca, Ceteo Ortopedia, ITCL Centro Tecnológico, Syltec Ingeniería, Leartiker, SIVI Klusterra eta Centro Español de Plásticos (CEP).

ABRAZAren helburu nagusia soluzio robotiko unibertsal, pertsonalizatu eta moldagarri baten oinarriak ezartzea izan da, komunikazio-sistema handigarriak eta alternatiboak errazteko, bai eta laguntza behar handiak dituzten pertsonen tresna digitaletarako eta eguneroko jardueretarako sarbidea errazteko ere.
Proiektuan zehar, beso robotiko asistiboko prototipoak garatu eta baliozkotu dira ASPACE Salamancako erabiltzaileekin batera. Honi esker, funtsezko alderdiak aztertzeko aukera egon da, hala nola ergonomia, komunikazio sistema desberdinetara egokitzeko gaitasuna eta laguntza teknologiak gailu bakar batean integratzeko aukera. Saiakuntzek agerian utzi dute pertsonalizazio maila handiko soluzioak diseinatzearen garrantzia, pertsona bakoitzaren gaitasun eta behar espezifikoetara egokitzeko gai direnak.
Elkarlan proiektu honetan, Leartikerrek materialetan eta jasangarritasunean duen esperientzian oinarrituta, sistema robotikoaren osagaietarako materialak aukeratzen eta ebaluatzen parte hartu du, gailuaren baldintza funtzionalekin eta etorkizuneko erabiltzaileen beharrekin lerrokatutako soluzio arinagoak, iraunkorragoak eta jasangarriagoak lortzeko,
ABRAZAtik BRAISera: lortutako aurrerapenak sendotuz
ABRAZA proiektua bukaerara iritsi bada ere, identifikatutako ikerketa eta erronka teknologikoek bere horretan jarraitzen dute. Lortutako aurrerapenei jarraipena emateko, partzuergoak BRAIS (Beso Robotiko Asistibo Adimenduna eta Jasangarria) aurkeztu du. Soluzio adimentsuago, irisgarriago eta jasangarriago bat garatzera bideratutako proposamen berri honek, aulki gurpilduna erabiltzen duten eta laguntza premia handiak dituzten pertsonen autonomia, parte hartzea eta bizi kalitatea hobetzen laguntzea du helburu.
Gaur egun, Industria eta Turismo Ministerioaren AEI 2026 deialdiaren behin betiko ebazpenaren zain aurkitzen da ekimena.