ESNEKI Euska Herriko esneki sektorearen topagune nagusia

2026-10-13

Azaroaren 6 eta 7an ospatuko da ESNEKI, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka eta Txapelketa bereziaren V. edizioa. Tolosako Udalak, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta HAZIk antolatzen dute, Leartiker ESNEKI ZENTROA, Mantala Basque Gastronomy, EFRIFE, GIFE, Tolomendi eta Esnekigileen Euskal Elkartea erakundeen laguntzarekin. Urtez urte sendotuz joan den hitzordu honek Euskal Herriko esneki ekoizpena balioan jartzea, profesionalen arteko harremanak sustatzea eta kontsumitzaileak sektorera gerturatzea izango ditu helburu nagusi.

 

   

 

Aurten bosgarren aldiz ospatuko da ESNEKI, Euskal Herriko esneki sektorearen erreferentziazko hitzordua bihurtu den ekimena. 2022. urtean sortu zen, helburu argi batekin: Euskal Herriko esneki ekoizleen lana ikusgai egitea, sektorearen balioa gizarteratzea eta esnearen eraldaketan diharduten profesionalentzako topagune bat eskaintzea.

Ordura arte gaztari lotutako azokak eta ekitaldiak antolatu izan baziren ere, ez zegoen hiru esne espezieetako (behi, ardi eta ahuntz) ekoizleak eta mota guztietako esnekiak biltzen zituen ekimenik. Hutsune horri erantzutera etorri zen ESNEKI, eta urte gutxiren buruan sektorearen erakusleiho nagusietako bat bihurtu da.

Bost urte eskasean, ESNEKIk erreferentziazko ekitaldi gisa finkatzea lortu du. Ekoizleen, sektoreko eragileen eta kontsumitzaileen arteko topagunea izateaz gain, Euskal Herriko esnekigintzaren aniztasuna, bikaintasuna eta etengabeko bilakaera erakusteko tresna estrategikoa bihurtu da.

 

 

Bi eguneko egitarau zabala

ESNEKI bi egunez ospatzen da, ostiralean eta larunbatean, eta sektoreko profesionalei zein herritarrei zuzendutako jarduera ugari eskaintzen ditu. Bi egunetan zehar esneki sektorearen inguruko ezagutza, dibulgazioa eta sustapena uztartzen dira, baina larunbata izaten da ekitaldiaren ardatz nagusia, azokaren, txapelketaren eta publikoari irekitako jarduera gehienen garapenarekin.

Urtez urte, azokak formatu zabala eta askotarikoa garatu du, jardunaldi teknikoak, dibulgazio-ekintzak, dastaketa gidatuak, familientzako jarduerak eta ekoizleen azoka uztartuz. Horri esker, profesionalen eta kontsumitzaileen arteko topagune berezia bihurtu da, esnekigintzaren inguruko ezagutza zabaldu eta sektorearen balioa gizarteratzeko.

 

Esneki Txapelketa: sektorearen erakusleiho nagusia

ESNEKIko ekitaldirik esanguratsuenetako bat da, zalantzarik gabe, Esneki Txapelketa. Urtez urte, Euskal Herriko esneki ekoizleen lana, kalitatea eta jakintza aitortzeko erreferentziazko lehiaketa bihurtu da, sektorearen aniztasuna eta bikaintasuna agerian jarriz.

Edizio bakoitzean, Euskal Herriko ekoizleek aurkeztutako 100 esneki inguru lehiatzen dira hainbat kategoriatan banatuta. Txapelketak sektorearen aniztasuna erakusten du, eta bertan parte hartzen dute esne pasteurizatuek, jogurtek, gazta kremek, gazta freskoek, pasta biguneko gaztek, gazta urdinek, behi, ardi eta ahuntz gazta onduek nahiz pasta egosiek. Aurkeztutako produktuak ekoizleen ustiategietan lortutako esnearekin zein inguruko esne-ekoizleei erositako esnearekin eginak izan daitezke, Euskal Herriko esnekigintzaren errealitate eta ekoizpen-eredu desberdinak ordezkatuz. Kategoria bakoitzeko irabazleak hautatzeaz gain, sari berezi bat ere banatzen da: “Txapeldunen Txapelduna”, urteko Euskal Herriko gazta onenari ematen zaion aitortza nagusia.

Txapelketaren berezitasunetako bat balorazio prozesuan bertan dago. Produktuak dastatu eta ebaluatzeko, esneki sektorearekin lotura duten 40 profesional inguruk osatutako epaimahaia biltzen da urtero. Ekoizleak, teknikariak, sukaldariak, merkaturatze arloko profesionalak eta sektoreko beste eragile batzuk elkartzen dira produktu bakoitzaren kalitatea, ezaugarri organoleptikoak, bereizgarritasuna eta balio erantsia aztertzeko.

Gainera, txapelketak badu bestelako erakargarritasun bat ere: dastaketa eta ebaluazio lanak jendaurrean egiten dira, eta epaimahaiak produktuak baloratzen dituen bitartean, bertaratutakoek aurkeztutako esnekiak dastatzeko aukera izaten dute. Horrela, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko lotura zuzena sustatzen da, eta esnekien kalitatea gertutik ezagutzeko aukera ematen da.

Txapelketaren emaitzek ez dituzte soilik produktu onenak saritzen; aldi berean, Euskal Herriko esneki sektorearen indarra, aniztasuna eta etengabeko bilakaera ere islatzen dituzte. Izan ere, Esneki Txapelketa urte osoan zehar ekoizleek egiten duten lanaren erakusleiho aparta da, eta gure lurraldeko esnekigintzaren kalitatearen neurgailu bihurtu da.

 

Zer eskainiko digu aurtengo ESNEKIk?

V. edizioa ospatuko duen ESNEKIk aurten ere, esneki sektoreko profesionalei nahiz herritarrei zuzendutako egitarau oparoa eskainiko du. Azaroaren 6an hasiko dira jarduerak, eta egun horretan Tolosako ikastetxe ezberdinetako ikasleek esneki gosariez gozatzeko aukera izango dute, Euskal Esnekigileen Elkartearen eskutik. Egun berean, sektoreko profesionalei zuzendutako jardunaldi teknikoak egingo dira Tolosako Kultur Etxean, Esneki Zentroak antolatuta, POCTEFA Know and Cheese Europako proiektuaren baitan. Horrez gain, EFRIFE eta GIFE erakundeek hainbat jarduera eskainiko dituzte Alondegian, eta Mantala Basque Gastronomy-ren eskutik “Errapetik ahora” haurrentzako tailerra ere egingo da.

Larunbatean iritsiko da egitarauaren unerik garrantzitsuena. Goizetik hasita, EFRIFE eta GIFEren eskutik frisiar behien txapelketen oinarriak eta balorazio-irizpideak ezagutzeko tailerra egingo da Alondegian. Bertan izango dira, halaber, “Esnetan” familientzako jarduerak eta gazta freskoa egiteko tailerra, Euskal Esnekigileen Elkartearen eskutik.

Eguneko protagonista nagusiak izango dira, ordea, V. Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Berezia eta V. ESNEKI Txapelketa. Triangulo plazan kokatuko den azokak Euskal Herriko esneki ekoizleen produktu ugari bilduko ditu, bisitariei erosi, ezagutu eta dastatzeko aukera eskainiz. Aldi berean, Beotibar pilotalekuan egingo da Euskal Herriko gazta eta esneki mota guztien txapelketa, Esneki Zentroaren antolakuntzapean.

Txapelketarekin batera, Euskal Herriko Gazta Mahaia dastaketa gidatua ere izango da, parte-hartzaileek gure lurraldeko gazten aniztasuna eta ezaugarri bereizgarriak ezagutzeko aukera izan dezaten. Goizari amaiera emateko, V. ESNEKI Txapelketako sari-banaketa egingo da Beotibar pilotalekuan, eta bertan ezagutuko dira aurtengo Euskal Herriko esneki eta gazta nabarmenenak.

 

Sektorea indartzeko tresna

V. ediziora iritsita, Esneki Azokak bere sorrera helburuei leial jarraitzen die: tokiko esneki ekoizpena balioan jartzea, ekoizleen arteko harremanak sustatzea, berrikuntza bultzatzea eta kontsumitzaileei kalitatezko produktuen atzean dagoen lana gerturatzea.

Urtez urte sendotzen ari den ekimen honek erakusten du Euskal Herriko esneki sektoreak indarra, aniztasuna eta etorkizuna dituela, eta Esneki Azokak, hain zuzen ere, errealitate hori ikusarazteko leiho aparta izaten jarraitzen duela.

COOKIEEN ERABILERA

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu erabiltzaileen esperientzia ahalik eta onena eskaintzeko.

Jarraitu aurretik, cookie horiekin zer egin erabaki behar duzu. Guztiak onar ditzakezu edo egiten duzun hautaketa gorde.

COOKIE PROPIOAK

Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookie teknikoak erabiltzen ditugu eta cookien ezarpenetarako eta aukeratutako hizkuntzarako zure lehentasunak gordetzen ditugu.

HIRUGARRENEN COOKIEAK

Hirugarrenen guneak erabiltzen ditugu nabigazioa aztertzeko eta txertatutako informazioa erakusteko. Aktibatu nahi dituzun aukerak.

Hirugarrenen cookieak ez onartzeak esan nahi du ez dizugula zenbait eduki erakutsiko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi: Pribatutasun politika