Euskal Esnekigileen Elkartea sortu da sektorea indartu eta esnekien kontsumoari bultzada emateko

2024-03-14

Euskal Autonomia Erkidegoko 29 esne ekoizle eta esne eraldatzailek sortu dute Euskal Esnekigileen Elkartea. Sektorea indartu eta gizartearen esnekiekiko interesa sustatu nahi dute, ekoizpenari bultzada emanez eta sektoreak barne hartzen dituen askotariko produktuak gizarteratzen lagunduz. Orain arte egindako lanaren fruitua biltzeko eta etorkizunera elkarrekin begiratzeko apustu bateratua da.

Leartiker Esneki Zentroak gertutik jarraitu du ekimen honen sorrera, prozesu guztian zehar bidelagun izan da eta aholkularitza teknikoa eskaini dio Elkarteari. Gizartean esne-jarduera indartu eta sustatzea bilatzen duen egitasmo berri honekin erabat identifikatuta dago Esneki Zentroa, esnearen ekoizpenarentzako eta kontsumoarentzako lagungarria izango baita. Euskal Herrian gero eta esneki mota gehiago ekoizten dira eta horren adierazle da sortu berri den Euskal Esnekigileen Elkartea.

 

Euskal Esnekigileen Elkartea

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako esne, gazta eta jogurt eraldatzaileak hartzen ditu elkarteak, askotariko produktuak sortzen dituztenak. Esnekien aberastasun hori gure lurraldean ondo errotutako sektore batetik dator: esnea ekoizten duten abeltzainengandik eta esnea eraldatzen duten esnekigileengandik. Euskal landa inguru osoan zehar ardi, behi eta ahuntz esnea ekoizten dira, eta hori eraldatuz, gazta freskoak, urdinak, laktikoak, onduak, pasta bigunak, jogurtak, esne pasteurizatua, gurinak…etab. lortzen dira.

Horrela, gaur egun elkarteak barne hartzen dituen kide horien artetik 7k ardi-esnea ekoizten dute, 15ek behi-esnea eta 8k ahuntz-esnea. Eta produktu hori eraldatuz, produktuak egitea lortzen dute; 20k gazta ondua; 15ek gazta freskoa; 11k gazta urdina; 13k gazta laktikoa; 7k pasta biguneko gazta; 9k esne pasteurizatua; 2k gurina; 3k mamia; 14k jogurta; 3k izozkia; 7k, kremak; eta 1ek, gaztanbera.

Guztira, 105etik gora produktu ekoizten dituzte. Batzuk euren esne propioa erabilita, eta hirugarrenen esnea erosi eta eraldatuta besteek, euskal jatorrikoa betiere. Elkartearen ateak zabalik daude interesa izan dezaketen ekoizle eta eraldatzaileak batu daitezen.

 

Elkartea sortzeko emandako pausoak

Bost ekoizlek sustatutako ekimenetik jaio zen elkartea 2023an, bakoitzaren berezitasun eta izaera babestu eta, aldi berean, lehendabizikoz sektorea bilduko duen erakundea sortzeko beharrari erantzuteko. Sektoreko ekoizleekin batzartu, bilerak egin eta eman beharreko pausoak zehaztu zituzten. Ikaragarri hazi da orduz geroztik.

Gauzak horrela, elkarte aitzindaria da, hiru abeltzaintza-espezieen esneki eta esne mota guztiak ekoizten eta eraldatzen lan egiten duten euskal profesionalak elkartzen baititu lehen aldiz.

 

Etorkizunerako helburuak

Esnekigileei laguntzeaz gain, elkartekideek kontsumitzaileei ere helarazi nahi diete burututako lanaren emaitza; produktuaren eskaintza anitza, osasungarria eta bertako dibertsitatea babesteko giltzarria ere badena. Lehen sektoreak gizarte osoarentzako onuragarria den lana burutzen du, eta hori da erakutsi nahi dutena.

Horixe izango dute 2024ko helburua: sektorearen eta bertakoaren alde eginiko lana ezagutzera ematea, dibertsifikazioa ardatz eta indargune dituztelarik. Eta horrela, aldi berean, ekoizle guztien lana desberdina izanda ere ere, erakunde eta kontsumitzaileen aurrean batasuna adieraztea.

Halaber, elkarteak sektoreko profesionalen interesak ordezkatuko eta gauzatuko ditu administrazioaren aurrean eta osasun-agintaritza eskudunekin koordinatzeko bitartekaritza eskainiko du. Kolektiboaren prestakuntza beharrak kudeatzeko plataforma gisa funtzionatuko du, elkartekideen garapen tekniko zein enpresarialerako baldintzak hobetzeko lan eginez. Sektoreak izan ditzakeen gabeziak antzeman eta denen indarrez bideratu nahi dituzte, funtsean.

Bestalde, gizarteari jakinaraziko diote zein diren bere negozio ereduaren bereizgarriak, euskal esnekien inguruko ezagutza ere sustatuz, eta horiek kontsumitzeak dakartzan onurak zabalduz eta defendatuz.

Euskal esnekigileen lana ezagutarazten laguntzeko web orria ere sortu dute, etorkizunean bertako kide izan nahi dutenek eta gehiago jakiteko interesa duen orok eskura izan dezaten: www.esnekigileak.eus

 

COOKIEEN ERABILERA

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu erabiltzaileen esperientzia ahalik eta onena eskaintzeko.

Jarraitu aurretik, cookie horiekin zer egin erabaki behar duzu. Guztiak onar ditzakezu edo egiten duzun hautaketa gorde.

COOKIE PROPIOAK

Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookie teknikoak erabiltzen ditugu eta cookien ezarpenetarako eta aukeratutako hizkuntzarako zure lehentasunak gordetzen ditugu.

HIRUGARRENEN COOKIEAK

Hirugarrenen guneak erabiltzen ditugu nabigazioa aztertzeko eta txertatutako informazioa erakusteko. Aktibatu nahi dituzun aukerak.

Hirugarrenen cookieak ez onartzeak esan nahi du ez dizugula zenbait eduki erakutsiko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi: Pribatutasun politika