Finantzaketa: Programa PLEAMAR - Fondo Europeo Marítimo de Pesca y de Acuicultura
TICS-BONITO proiektuaren helburu nagusia hegaluzearen eta tunidoen arrantza-sektoreari kostaldeko eta alturako arrantza-tekniken inguruko proposamenak garatzen laguntzea da. Hori lortzeko, proiektuak bi lan-ildo ditu ardatz. Alturako arrantzan, arrainak kontzentratzeko gailuen (DCP) biodegradagarritasuna landuko da. Gailu horiek eragin negatiboa izan dezakete itsas ingurunean, material plastiko iraunkorrez eginda daudelako. Proiektuaren helburua da sarean katigatzea saihesten duten material biodegradagarrietan oinarritutako gailuak garatzea, modulagarriak eta sentsorizatuak izan daitezen.
Kostako arrantzari dagokionez, gaur egun beita bizidun kanabera-modalitatean eta karrete edo kakea-modalitatean erabiltzen diren teknikak zehatz-mehatz aztertzea proposatzen du proiektuak, laguntza automatizatuak eta soluzio digitalak proposatzeko: ontzigaineko egungo metodologia babestu eta osagarri izateko, eta garrantzitsutzat jotzen diren parametroen monitorizazioa errazteko.
Helburu horiek lortzeko, proiektuaren arduradunek funtsezkotzat jotzen dute arrantza-sektorearekin lankidetzan aritzea, proiektuaren baldintza teknikoak zehazteko beraien ezagutzak eta beharrak helaraz ditzaten, horrela, proposatutako irtenbide teknologikoak sektorearen errealitatera egokitzen direla ziurtatuz. Hori dela eta, proiektuaren arduradunek bilerak egin dituzte kofradiekin, armadoreekin eta makineria garatzen dutenekin sektorearen errealitatea ezagutzeko, eta hori izango da etorkizuneko proposamenen abiapuntua.