“Azterlan esperimentala esne gordinarekin eginiko gaztetan elikadura-segurtasunerako irizpide mikrobiologikoak ezartzeko” SEGAZ (Esneki Zentroa, 2020) proiektuaren garapena egin ondoren, elikagaien-segurtasuneko irizpideak ezartzerakoan gabeziak egoten jarraitzen dute, pasta prentsatuzko gazta onduak ez diren beste gazta mota batzuk egiteko eta merkaturatzeko orduan. Azken hamarkadetan, Euskal Autonomia Erkidegoan gazta mota hauen ekoizpenik ez da egin, baina goranzko joera bat dago eta gero eta gehiago dira dibertsifikazioaren aldeko apustua egiten ari diren gaztandegi artisauak.
Ildo honetan, HAZIren GAZTABERRI proiektua Euskal Gaztak deituriko Eusko Label ziurtagiria duen esnearekin ekoiztutako produktu berrien fabrikazioa bultzatzeko eta normalizatzeko testuinguru bat prestatzen ari da. Bestalde, Esneki Zentroak euskal gaztagileekin duen esperientziari esker, Euskal Gaztak bezala ezagutzen ditugun horretaz gain, euskal gaztagintzaren ekoizpena dibertsifikatzeko beste gazta-ekoizpen interesgarri batzuk ezagutzeko aukera egon da.
Testuinguru horretan, proiektu honen garapenak jarraipena eman nahi dio 2018, 2019 eta 2020 urteetan garatutako SEGAZ proiektuari, EAErako interesgarriak diren gazta jakin batzuen bizitza baliagarria zehaztu ahal izateko, horretarako, Listeria monocytogenes erreferentziatzat hartuta.
Proiektu honen helburu orokorra esne pasteurizatuarekin egindako pasta prentsatuzko gazta ondua eta ardi-esne gordineko gazta urdina ez diren beste gazta mota batzuen iraungitze- edota kontsumo-data bat zehaztea da. Bakoitzari dagozkion balio-bizitzaren azterketak egingo dira.
Horretarako, hauek dira Leartikerrek egingo dituen jarduera nagusiak:
- esne pasteurizatuarekin egindako pasta prentsatuzko gazta ondua eta ardi-esne gordineko gazta urdina ez diren beste gazta mota batzuen balio-bizitzaren azterketak egitea, irizpide bateratu batzuen bitartez iraungitze- edota kontsumo-data bat zehaztu ahal izateko.
- Listeria monocytogenes bidezko kutsadura gurutzatuaren aurrean produktuak duen portaerari buruzko ezagutza sortzea. BPFen garrantzia eta laguntza-plan egokiak.